- OaingozHau mugimenduak, hausnarketa baten ondorioz, aurtengo madalenetako Kuadrillen Egunean bazkaririk ez antolatzea erabaki du. Horren ordez, uztailaren 23an, 17.00etan hasiko den poteo bat egongo da, Dj Bull eta Dj Txankletak lagunduta.

Gainera, joan den astean, egun hori modu sinbolikoan ospatzeko kamiseten salmenta abian jarri zuten. Guztira, ia 1.900 saldu zituzten, “Oreretako herriak jaien gogoa” duelaren seinale, bere hitzetan.

Izan ere, OaingozHau mugimenduak argi dauka “jaiak herritik eta herriarentzat” izan behar dutela txosnagunean. Alabaina, kideek onartu dute “ia ezinezkoa” egin zaiela madalenetako bost egun, bi gune, hamaika ekitaldi eta tarteko Kuadrillen Eguna antolatzea.

Arazoen artean, txosnagunearen filosofiarekin bat ez zetozen “errespetu faltak” izan direla jakitera eman dute: “Auzolanean ari zirenekiko errespetu faltak, jarrera matxistak eta euskararekiko gutxiespenak jasan ditugu, besteak beste. Eta ez, txostagunean ez dugu horrelakorik onartuko”.

Gogorazi dutenez, txosnagunea “auzolanean eraikitako espazio aske, libre, feminista, ez homofoboa eta euskalduna” izatea nahi dute; beti “jaiak herritik eta herriarentzat” leloa oinarri dutelarik.

Hala eta guztiz ere, Kuadrillen Egunak urteen poderioz eraldatzen joan dela azpimarratu dute eta 50 lagunentzako bazkari bat izan zena 1.500 pertsona biltzera iritsi zela esan dute. Gainera, OaizgozHau talde irekia dela gogoratu dute.