- Oiardo kiroldegi kanpoko pistaren ateak irekita daude aste honetatik aurrera. Ordutegia jarrita eta erreserbak egiteko aukerarekin ireki dute. Orain arte, itxita egon izan da kiroldegi kanpoko pista, eta, askotan, hutsik. Usurbilgo Udaletik atzo aditzera eman zutenez, irekita mantenduta, erabilera bultzatzea da helburua.

Pista zabalik egongo da astelehenetik ostiralera 16.30etik 21.00etara, larunbatetan 9.30etik 21.00etara eta igande eta jaiegunetan 9.30etik 13.00etara.

Pista erreserbatzeko aukera egongo da, eta hala egiten dutenek lehentasuna izango dute, dena den. Astearte eta ostegunetan, adibidez, Zirimarak lehentasuna izango du 16.30etik 18.30era bitartean.

Bestalde, kirol teknikaria oposizio-lehiaketa askez hautatzeko prozesua abiatu du Udalak. Ekainaren 3ra bitartean izango da izena emateko epea. Informazio gehiago www.usurbil.eus webgunean lor daiteke.