- Irungo Agintarien Batzordeak eta San Martzialgo Alardearen Batzordeak San Martzialgo lehen gudua eta botoaren 500. urteurrenaren ospakizunekin aurrera jarraitzen dute. Hilabete honetan ospakizun honen ekitaldi nagusietako bat antolatu da, Alarde izeneko dokumentalaren aurkezpena. Mikel Alzola hondarribiarrak zuzendutako ikus-entzunezko honek Irungo Alardea ezagutu, bizi eta sentitzen duten emakume zenbaiten testigantzekin osaturiko mosaikoa aurkezten du. Elkarrizketa zatiak eta Alardearen beraren nahiz aurretiko ekitaldien irudiak elkartuta, ospakizunaren ikuspegi zirraragarria ematen du lanak. Aurkezpen ekitaldia apirilaren 29an izango da, Irungo Amaia kultur zentroan. Jardunaldia arratsaldeko 20.00etan hasiko da eta dokumentalaren proiekzioaren ostean gaiari buruz hitz egiteko mahai-inguru bat egingo da. Gonbidapenak dohainik izango dira eta apirilaren 21ean jarriko dira eskuragai ohiko bideetatik.