- Lezo'ko baserriak, oroitu ditzala herriak liburua aurkeztu du Lezoko Udalak. Eneko Salaberria egileak bere aitak, Javier Salaverriak, duela 51 urte herriko baserriei ateratako argazkiak bildu ditu.

"Aita, Javier Salaverria Salaverria, Lezokoa genuen eta jakina da zenbat maite zuen bere herria. 1971n Lezoko baserri gehienei argazkiak atera zizkien eta album bat sortu zuen. Guk album hori beti etxean ezagutu dugu, eta askotan aipatu izan genuen altxor horrek nolabait Lezora itzuli behar zuela, herriaren-tzat egindako zerbait zelako", gogorazi zuen egileak.

"Urteak joan ziren eta gauza batengatik ez bada besteagatik ez genion proiektuari behar bezala heldu, baina 2021a argazkiak atera zireneko 50. urteurrena zela aprobetxatuz, ez genuen aukera pasatzen utzi nahi. Aitak 2018an utzi gintuen, eta zor geniola ere sentitzen dugu", azaldu zuen Salaberriak.

Dixidu Diseinu Grafikoak maketatu du eta 1545 argitaletxeak egin ditu argitaratze lanak, Lezoko Udalaren babesarekin. "Udalaren laguntza eskertu behar da, hasieratik proiektuan sinesteagatik" adierazi zuen Salaberriak, seme zaharrenak eta Dixidu diseinu grafikoko arduradunak. Izan ere, berak eman dio forma liburuari.

Bestalde, Xanti Valek, Kultura teknikariak, azpimaratu zuenez, "azken bi hilabeteetan loratu da joan den urteko uzta hiru argitalpenekin: Hiku Miku Ziriku, Trapujale Taldearekin (Ipuin sailean); Esklaboen barrakoiak, Mikel Susperregi eta Lander Zurutuzarekin (Lezokuak sailean) eta Lezo'ko baserriak. Javier eta Eneko Salaberriarekin (Ezagutu Lezo sailean)". Dagoeneko Udalak 28 argitalpen ditu.

Aurkezpenean ere izan ziren Jesus Mari Martiarena, alkatea, eta Ion Pombar, Kultura zinegotzia.