- Udalak Gotzon Garate idazle eta euskaltzale elgoibartarra zenaren oroimenezko bekaren IV. deialdia abiatu du eta beka eskuratu nahi dutenek apirilaren 7ra bitartean egin ahalko dute eskaera Herritarrentzako Arreta Bulegoan edota elgoibar.eus webgunearen bitartez.

Aurtengo edizioaren ikerketa esparrua Hizkuntza aniztasuna Elgoibarren: jatorri atzerritarreko bizilagunak eta euskara izango da eta beka eskuratzen duenak 10.000 euro jasoko ditu "zortzi hilabeteko epean" lana gauzatzeko.

Udaletik jakinarazi dutenez, ikerketa lan honen helburu nagusia "Elgoibarren bizi diren jatorri atzerritarreko pertsonak euskararekiko eta euskal kulturarekiko dituzten pertzepzioak aztertzea eta hizkuntz integrazioan laguntzeko, etorkizunean egin litezkeen esku-hartzean kontuan hartu beharreko gakoak identifikatzea" izango da.

Bekaren oinarriak Udalaren webgunean eskura daitezke eta informazio gehiagorako Udalaren Euskara sailera jo behar da.