- Aste honetan Jasangarritasun Energetikoaren Batzordearen lehen bilera burutu da eta batzordearen osaketaz, Jasangarritasun Energetikoaren inguruko legeaz, batzordearen helburuez eta legegintzaldi honetako ekintza energetikoez jardun dira batzordekideak.

Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeak Beasaingo alkatea den Leire Artola du lehendakari; lehendakariordea aldiz, Adur Ugartemendia, Lurralde batzordeburua, da. Udal ordezkariek ez ezik, gizarte eragileek, elkarteek, erakunde publiko adituek, gizartearen ordezkariek eta langileen ordezkariek ere osatzen dute.

Edorta Díaz (EAJ), Ainara Ayestaran (EAJ), Nerea Manzisidor (EH Bildu), Mikel Olano (EH Bildu) eta Angel Redondo (Euskal Sozialistak) dira udal batzordekideak. Bestalde, langileen ordezkaria, Lander Martin da; Beasaingo enpresen ordezkaria, Jokin Barandiaran (Barandiaran Zeramikak); Eskola Agenda 2030eko ordezkaria, Lide Aristegi; eta energia ikasketak edo formazioa duten herritarren ordezkariak, Eider Iribar eta Gorka Apaolaza dira. Azkenik, idazkari lanak udal ingurugiro teknikaria den Rosa Aurkiak (Laia Koop) egiten ditu.

Ibilbidea hasi berri duen batzordearen helburua, Beasaingo Udalaren jasangarritasun energetikoko politiken diseinuan eta erabakietan gizarte eragileek parte hartzen dutela ziurtatzea da. Gainera, batzordekideek ez ezik, herritarrek ere ekarpenak egin ahal izango dituzte. Ekarpenen transmisioa talde politikoetako ordezkarien bitartez edota IGuneako arreta zerbitzuraren bidez, aurrez aurre edo modu telematikoan, egin beharko da.

Beasaingo Udalak bere egiten dituen helburu batzuk ere badira Jasangarritasun Energetikoaren Batzordean. Leire Artolaren gobernu taldeak udal eraikinen, instalazioen eta parke mugikorraren inbentarioaren onarpena proposa-tzeko; Udalean energiaren inguruan landuko diren gaien egoeraren azterketa sustatzeko; energiarekin zerikusia duten udal politikaren jardun-ildoak proposatzeko; gaiarekin lotutako Udalaren plan eta politiken jarraipena egin eta eragina aztertzeko: legea betetzeko hartutako neurrien garapena gainbegiratzea eta berma-tzeko, bai eta bertan ezarritako helburuak betetzen direla ere; eta udalaren jarduketa-plan energetikoaren egoerari eta garapenari buruzko informazioa emateko konpromezua hartu du, udal gobernuak ingurugiroaren babesaren eta jasangarritasunaren aldeko apustua eta lana egiten jarraitu nahi baitu.