- Beasaingo Udalak herriko haur eta gazteen diagnostikoaren aurkezpena burutuko du gaur, ondorioak beasaindarrek ezagutu ditzaten.
Honen bitartez, "lehen faseari amaiera emango zaio, eta haur eta nerabeei zuzendutako politikaren oinarrientzako programak eta ekimenak finkatzeari ekingo zaio", Udalak azaldu duenez.
Udalak diagnostikoaren bitartez, Beasaingo 7 eta 18 urte arteko haur eta gazteei zuzendutako programak balora-tzea izan du helburu. Otsailean abian jarri zen diagnostikoaren bidez, "nerabeen aisialdiaz, kirol eta kultur ohiturez, euskararen erabileraz edota eguneroko beharrez ere informazioa bilatu da"
Diagnostikoa gauzatzeko hainbat ikerketa metodologia erabili dira: datuen bilketa eta galdetegiak, besteak beste. Horretaz gain, hainbat agentek parte hartu dute: guraso elkarteek, udal ordezkari politikoek eta haur eta gazteek, esaterako.
Aurkezpena Igartza Jauregian burutuko da gaur, ekainak 15, arratsaldeko 18.00etan, eta bertan, herritarrekin diagnostikoan ateratako ondorioak baloratuko eta eztabaidatuko dira.
Aurkezpena herritar guztientzat irekia izango da. Hala ere, pandemia egoerarengatik, aurretik izena eman beharko da 688 768 608 telefonora deituz edota Internet bidez.
Haur, nerabe eta gazteen beharren diagnostikoa 2021eko Udal aurrekontuetan aurreikusi zen moduan gauzatu da. Udal gobernuak, hartutako konpromisoa bete nahi izan du.