Azpeitia - Kultur Sorkuntza beken seigarren edizioa abian jarri dute Udalak eta Kultur Mahaiak kultur sortzaileei baliabideak eskaintzeko helburuarekin. Aurtengorako 20.000 euroko diru poltsa bideratuko da eta irabazleek Dinamoa Sormen guneko baliabideak erabili ahalko dituzte proiektuak aurrera eramateko. Edonola ere, beka jasotzeko interesa dutenek maiatzaren 14a bitartean aurkez ditzakete beren proposamenak (deialdiaren oinarriak azpeitia.eus webgunean ikus daitezke).
Ainara Larrañaga, Kultura Batzordeburuak eta Aitor Bengoetxea Kulturaz kooperatibako kideak 2021eko beken aurkezpenean gogorarazi zutenez, "kultura-sorkuntzatzat hartzen dira artistaren irudimenaren emai-tza, musika, pintura, eskultura, literatura, antzerkia, zinea, komikia, soinua, ikusentzunezkoa, dantza eta abarren forma har dezaketen espresioak".
Larrañagaren hitzetan, "guztiontzat, eta nola ez, kultur munduarentzat hilabete zailak izaten ari direla ikusita, aurten, inoiz baino gehiago sor-tzaile gazte eta berriei baliabideak eskaini nahi dizkiegu, buruan duten sormen proiektu hori garatzeko".
Sortzaile gazte eta berrien proiektuak bultzatzeko 12.000 euro izango dira: "kultur disziplina anitzetako zein disziplina arteko proiektuak garatzeko baliabideak eskainiko zaizkie beka jasotzen dutenei".
Beka horietaz gain, iaz abian jarritako sormen egonaldietarako bekak ere emango dira. Azpeitian bertako kultur baliabideak erabiliz gutxienez sei asteko egonaldiak egiten dituztenei bideratutako laguntza berria izango da. Horretarako 4.000 euroko bi beka eskainiko dira eta dirua sormen prozesuko zein egonaldiko gastuetarako izango da.
Aitor Bengoetxeak herriko sortzaileak animatu nahi izan ditu bekara aurkezteko: "kultura sortu, sustatu eta bultzatzeko baliabide publiko gero eta indartsuagoak ditugu. Uste dut aukera paregabea dela hasi berrientzat beren proiektua gauzatzeko".