Ordizia | Landaketak egingo dituzte ostiralean Zuhaitz Eguna ospatzeko
Jakintza ikastolako eta Urdaneta ikastetxeko 6. mailako ikasleek jarriko dituzte fruitu arbolak
- Ordiziako eskoletako ikasleek fruitu arbolak landatzeko aukera izango dute ostiral honetan egingo den Zuhaitz Egunean.
Urtero egiten den ekimena da, eta horretarako herriko hainbat txoko aukeratzen dira landaketak egiteko, bide batez, naturaren garrantziaz jabetzeko aukera dutelarik herriko gaztetxoek.
Iazko kasuan, esaterako, Agirrebide izan zen hautatutako lekua, eta aurtengoan San Juan auzoan kokatuta dagoen Baratze parkean egingo da ekimena. Bertan, lursail bat dago, eta bertan jarriko dituzte zuhaitzak. Landatuko diren arbolak fruitu arbolak izango direla jakinarazi dute Udaletik, hala nola, sagarrondoak, udarondoak eta gereziondoak. Horiek ez ezik, txikiagoak direnak ere jarriko dira, esaterako, melokotoi eta masustak ematen dituztenak.
Lankidetza izango da gakoa. Ostiralean, goizeko txandan arituko dira ikasle guztiak jardun honetan. Urdaneta ikastetxeko zazpi talde ezberdin 9.30etik 11.00etara arituko dira lanean; guztira, 71 ikasle. Haien ondoren Jakintza ikastolakoen txanda izango da; kasu honetan, 56 ikasle arituko dira, bi taldetan banatuta. 11.00etatik 12.00etara arituko dira hauek. Guztiak 6. mailakoak dira, eta udal langileen laguntza izango dute.