Ordizia | Sari nagusia 'Mama' laburmetraiarentzat
- Aurtengoan 179 film labur jaso dira munduko 26 herrialdetatik, eta beste behin ere parte-hartze zabala ekarri du Giza Eskubideak Herrira V. Nazioarteko korto lehiaketak. Giza eskubideen gaia oinarri moduan hartuta jokatu da final handia, Ordizian.
Sari nagusia Mama laburmetraiak irabazi du aurten, eta, beraz, 1.000 euroko ordainsaria eskuratu. Horrez gain, Sari Gaztea ere lortu du laburmetrai berdinak, eta aurrez irabazitakoari beste 300 euroko saria gehitu zaio. Espainiako ekoizpena da hau, eta Eduardo Vieitez da zuzendaria.
Goierriko egileek ere urtero izaten dute kategoria propioa, eta aurtengoan, eskualdeko korto onenaren saria Nahia laburmetraiak eskuratu du. Ordiziako Oianguren Institutuko Terapistak antzerki taldearen sorkuntza izan da. Hauen kasuan, 300 euroko saria eskuratu dute.
Besteak beste, AEB, Mexiko, Brasil, Taiwan, Arabiar Emirerri Batuak, Alemania, Frantzia, Txile, Peru, Italia, Herbehereak, Libano, Kroazia eta Kubako sortzaileek parte hartu dute bosgarren edizio honetan. Euskal Herritik, baina, bost film labur jaso dira, eta hauetako bat Goierrikoa.
Ikuskapen Komisio bat sortzen da irabazleak erabakitzeko eta 179 film labur horietatik zortzi finalista aukeratu ziren: Mama, Solo cerca del mar, Sola in Dicesa, Leo y Alex, Assia, Rooming, Mangi Meli eta Ama.
Ikastetxeetan, DBHko ikasleekin batera parte-hartze prozesua egin da Sari Gazteako irabazlea aukeratu ahal izateko. Bertan, 273 ikaslek eman dute bozka. Sari Nagusia, berriz, jaialdiko epaimahaiak erabaki du norentzat den.