“2020ko ekainaren 12a zen. Lanetik etorri nintzen etxera eta oso nekatuta nengoen. Bazkaldu gabe joan nintzen ohera. Esnatzerakoan sukarra nuen eta gorputzez gaizki sentitzen nintzen. Hasieran, anginak zirela zirudien, baina analitikek bestelako zerbait adierazi zuten. Hurrengo egunean medikuak deitu eta esan zidan: Joan ospitalera, hiltzen zabiltza. Une horretatik aurrera, dena ilundu zitzaidan. Ez dut astebeteko oroitzapenik. Ez neukan defentsarik, edozein deskuidutan infekzioa izateko arriskua zegoen, eta horrek ondorio latzak zekartzan. Gorputzak akats multiorganiko batengatik huts egin zidan. Hiru sepsi izan nituen”, kontatu du Iñaki Igartua oñatiarrak.
Ordutik, gurpil-aulkian moldatu behar izan du egunerokoan. Bost urte geroago, ordea, bere begirada oso bestelakoa da: “Zortea dugu hil garenok bi ospakizun baititugu: bata gure amarengandik jaio ginenekoa eta bestea, berriro bizitzen hastekoa. Hortik aurrera, bizitza zer den konturatzen zara. Jakin gabe ez da estimatzen”, azpimarratu du.
"Zortea dugu hil garenok bi ospakizun baititugu"
Iñaki Igartua da 'Bestaldetik etorriak' izeneko liburuaren protagonistetako bat. Joxefe Diaz de Tuestak kaleratu berri duen lan honetan, heriotzatik oso gertu egon diren 19 oñatiarren bizipenak bildu ditu, lehen pertsonan.
Lagun bati aspaldi entzundako esaldi bat izan zen proiektu honen abiapuntua: “Bestaldetik etorri naiz, San Pedrori bizarrak ikusi eta bueltatu egin naiz”. Hortik etorri zitzaion hilzorian egondako pertsonen testigantzak jasotzeko nahia. “Argazki-proiektu interesgarri bat egiteko moduko gaia iruditu zitzaidan, betiere protagonisten ahotik kontatuta”, aipatu du egileak.
Bere asmoaren berri eman zienean, ondo hartu zuten. “Oso esku zabalak izan dira. Gehienek baiezkoa eman zidaten, prestutasun handiz”, esan du Diaz de Tuestak.
Laneko istripuak, ikutsa, minbizia...
Liburuan islatzen diren bizipenak askotarikoak dira: laneko istripuak, baserriko ezbeharrak, errepidekoak..., baita gaixotasun larriak ere, hala nola, iktusa, minbizia, septizemia edo bihotzekoak. Oñatin bizi diren herritarren esperientzien bidez, bizitza eta heriotzaren arteko muga gainditu duten egoerak irakurleekin partekartzen ditu egileak. Adibidez, Jose Ramon Azkoitiari, 2020ko ekainaren 11n, barila batek izterretik sorbaldaraino zeharkatu zion ortuan lanean ari zela. Amaia Villarrek iktus bat izan zuen haurdun zegoela, eta, ondorioz, haurra galdu zuen. Josu Egaña Paikori, aldiz, 2016ko ekainaren 12an, bere ezkontzaren urteurrenaren egun berean, lantegian 4.000 kiloko bobina bat erori zitzaion gainera, eta ezkerreko hanka galdu zuen. “Bakoitzak bizi izandako trantzearen berri eman dit: zer gertatu zitzaien, nolako bizipenak izan zituzten, osatzeko prozesua eta buruan izandako kezkak. Egoera dramatikoak bizi izan dituzte denek, eta izugarrizko indarra eta kemena erakutsi dute; bizitzeko gogoa”, nabarmendu du Diaz de Tuestak.
Testigantza hunkigarria
Lehen aipatutako herritarrekin batera, honako hauek ere protagonista dira: Koldo Zumalde, Serafin Aparicio, Lourdes Azurmendi, Miguel Angel Gomez Bobby, Juan Carlos Nogueiras, Nikolas Etxeberria, Joseba Azkarate, Jose Ramon Olalde, Roberto Moreno, Javier Clemente, Reyes Elortza, Pedro Berrocal, Miguel Angel Aldekoa, Anton Azpiazu eta Algimiro Jimenez. Elkarrekin osatzen dute kontakizun hau, bizitzaren ertzean ibili eta handik bueltan etorri direnen testigantza hunkigarria.
“Guztiak lehen pertsonan daude idatzita; ez ditut berridatzi edo narrazio batera egokitu, memoria nola sortzen den errespetatu nahi nuen: tarteka hutsuneekin, errepikapenekin eta bat-batean agertzen diren xehetasunekin”, zehaztu du Diaz de Tuestak. Elkarrizketak, gainera, euskaraz zein gazteleraz egin ziren bezala daude jasota. Eta, nola ez, egilearen argazkigintzarako zaletasunari esker, istorio bakoitzean erretratu bat dago. Hala ere, irudi eta ahots horietako bakoutzak berez hitz egiten dute.
"Borrokalariak dira, kemen handia erakutsi dute"
Arreta gehien deitu diona “pertsona hauen bizitzeko gogoa” da. “Ataka gaiztoan egon, eta amore eman gabe burruka egin dute bizitzeko. Eta, gainera, duintasun handiarekin. Askok umorea ere erakutsi dute. Beste batzuk ez dakit, baina liburu honetako denak borrokalariak dira, kemen handia azaldu dute”, aipatu du argazkilariak. Ez du mezu zehatzik helarazi nahi. “Espero dut irakurle bakoitzak bere ondorioak ateratzea, nik neuk nireak atera ditudan bezala”, gaineratu du.
“Istripu honek bizitza aldatu dit. Lehen, dena berdin zitzaidan. Orain, gauzak desberdin ikusten ditut”, dio Javier Clementek. Istorio hau eta beste guztiak ezagutzeko nahikoa da Bestaldetik etorriak lanaren orrialdeetan murgiltzea. Liburua Altuna eta Haritza liburu-dendetan eta Txokolateixian egongo da salgai.