Benta Txikiko birziklagunea itxi dute Idiazabalen, erabilera txarragatik
Egoera "jasanezina" zela azaldu du Idiazabalgo Udalak eta herritarrekin adostutako erabakia izan da
- Idiazabalen Benta Txiki izeneko etxe parean orain arte birziklagunea zegoen, baina orain Udalak neurriak hartu ditu eta gune hori kentzea erabaki du, eremu horretako bizilagunekin aztertu eta alternatibak mahai gainean jarri ondoren.
"Zaborgunearen egoera jasanezina da", azaldu du ohar bidez Idiazabalgo Udalak. Erabilera txarraren ondorioz hartu behar izan dute erabaki hau, izan ere, zaborra ez zen behar bezala botatzen. "Edukiontziak dauden eremuan, kanpoan zein barruan, mota guztietako hondakinak agertzen dira". Horri irtenbidea emateko asmoz herrigunean dauden gainontzeko edukiontziak erabiltzea adostu dute bizilagunek eta Udalak.
Bestalde, Udaletik gogorarazi nahi izan dute edukiontzi marroia itxita dagoela zabor bilketaren kalitatea bermatzeko, eta metalezko giltza beharrezkoa dela hori erabiltzeko. Ez da itxita dagoen bakarra, izan ere, edukiontzi grisa ere itxita dago, nahiz eta txartel bidez ireki daitekeen.
Pixoihalen edukiontzia erabiltzeko, ordea, 943 161 555 telefono zenbakira deitu behar da. Horrez gain, tamaina handiko trasteak botatzeko Beasaingo edo Ordiziako Garbigunea erabiltzea gomenda-tzen du Idiazabalgo Udalak, eta zaborra botatzerakoan arduraz jokatzeko eskatu dute.