- Oiartzungo Oieleku inguruaz gozatzeko eta han dagoen ondarea (cromlechak eta saroiak) hobeki ulertzen laguntzeko, larunbatean Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak irteera antolatu du, Luis Mari Zaldua Etxaberen eskutik.

Ibilbidea laburra da (bi kilometrokoa guztira, joan-etorria) eta nornahik egiteko modukoa, ez baitu inolako zailtasunik. Hala ere, komeni da oinetako erosoak eramatea. Helburua ez da asko ibiltzea, gauzei erreparatuz eta gidariaren azalpenen laguntzarekin kultura-paisaietan murgiltzea baizik. Bisita euskaraz izango da. Hamaiketakoa egiteko tartea egongo da.

Ibilbidea goizeko 10.00etan hasiko da Kausoko aparkalekutik eta 13.00etan amaituko da toki berean. Partaideek hamabi urte baino gehiago izan behar dituzte eta prezioa bost eurokoa da pertsona bakoi-tzeko. COVID-19aren kutsadurak ekiditeko neurriak hartuko dira eta musukoa eraman beharra dago.

Informazio gehiago 943 495 069 eta 688 895 068 telefonoetan edo arditurri@gipuzkoanatura.eus helbide elektronikoan lor dezakete interesa dutenek.