Síguenos en redes sociales:

Doako emanaldiak kulturaz gozatzeko

Doako emanaldiak kulturaz gozatzekoArgazkia: N.G.

- Oiartzungo Udalak oiartzuarrek kulturaz gozatzeko eta, kultur eragile eta sortzaileek euren lana erakusteko programa osatu du. Honenbestez, herriko eragile eta sortzaileen laguntzarekin, asteburu honetan hasi den Kulturabirusa zikloa prestatu du. Ostegunetik larunbatera, uztaileko asteburu guztietan izango da zertaz gozatua Oiartzunen. Abuztuan ere izango dira zenbait ekintza. Aurrerago emango da horien berri.

Antolatu diren ekitaldietan herriko kultur eragileek plaza izango dute egiten dutena erakusteko: Lartaun abesbatzak, Oiartzungo Flauta Taldeak, Organozaleek... saioak eskainiko dituzte. Batzuk urteroko hitzorduak izango dira (Lartaun abesba-tzarena edo Harri Beltzarena), eta beste batzuk, eskaintza berezia.

Horrez gain, garrantzia eman nahi izan zaie herriko sortzaileei. Horrela, Hirutan biñaka zirkuitua antolatu da: aldi berean hiru gunetan saioak izango dira eta ikusleak batetik bestera joango dira, ordu laurden inguruko hiru saio motzez gozatzeko: poesia, dantza, musika, antzerkia, ilustrazioak...

Horrez gain, Erakusleiho ARTEan erakusketa egongo da bi astez herriko komertzioetan. Herriko artista plastikoen lanak erakutsiko dira herriguneko establezimendu txikietan. Eider Bergaretxe gidarekin bisita gidatua egiteko aukera izango da batetik bestera.

Ekitaldi guztiak dohainik izango dira. Hala ere, COVID-19ak eragindako osasun larrialdi egoeran jende pilaketak saihesteko, jende kopurua mugatua izango da.

Horregatik, herritarrek aldez aurretik txartelak eskuratu beharko dituzte. Oiartzungo Turismo Bulegoan (Fermiñene etxea) jaso ahal izango dira, astelehenetik igandera 9.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara. Aste bakoitzean aste horretako ekintzetarako txartelak jarriko dira eskuragarri. Pertsona bakoitzak ekintzako gehienez bi txartel hartzeko aukera izango du.

Kulturabirusa jadanik bere lehenengo emanaldiak eskaini ditu. Gaur 19.30ean Nikole, Joxe Leon eta June kantuan egongo dira Arizmendi lorategian (eguraldi txarrarekin, udaletxeko areto nagusian) Parramurritza emanaldiarekin.