Síguenos en redes sociales:

Bizikletak garbitzeko bi puntu berri sortu dituzte Lazkaon

Osasun zentroaren eta Joxemiel Barandiaran Kiroldegiaren artean kokatu dira bi guneak eta irekiak izango dira

- Egungo errealitatea da geroz eta pertsona gehiagok hartzen dutela txirrindularitzarekiko afizioa. Ez bakarrik ikusteko, praktikatzeko ere bai. Horren adibide dira eskualdeko errepideak, are gehiago, eguraldi ona lagun izanda.

Mendian barrena txirrinduan ibiltzen direnen eskaria izaten da, azken aldian gehiago, txirrinduak garbitzeko lekuak izatea herrigunean bertan, buelta egin ondoren etxera garbi eraman ahal izateko. Lazkaotarrek zortea izango dute hemendik aurrera, izan ere, Udalak bi gune sortu ditu txirrinduak garbitu ahal izateko. Hala, Osasun zentroaren eta kiroldegiaren arteko lorategian bizikletak garbitzeko bi puntu jarri berri dituzte. Gune irekia izango da eta, beraz, edonork erabiltzeko moduan izango da. Bertan, bizikletak garbitzeko aukera eskain-tzen duten bi mahuka jarri dituzte, eta txirrinduak aparkatzeko lekua ere egokitu dute.

Horrez gain, Udal Brigadak hainbat lan burutu ditu herrian bertan, azpiegiturak txukundu eta hobe-tzeko helburuarekin. Alde batetik, Santa Magdalenako biribilgunean, Mikelar eta Santa Magdalena auzoa batzen dituen zebra pausoaren seinaleztapena hobetu egin dute. Horretarako trafiko piboteak aldatu dira eta zebra-bidea margotu da. Modu berean, Mikelar eta San Jose batzen dituen zebra-bidearen aurretik kotxeek abiadura murritzeko elementu bat jarri da, baita Uhaitz kalean-.

Bestalde, Gurutze 8, 9 eta 10ean piboteak jarri dira espaloi gainean ibilgailuek ez dezaten aparkatu, eta, plazako arkupeetako zakarrontziak aldatu dira, zaharrak txukundu eta berriz margotzeko asmoarekin.

Skate parkean txukunketa eta pintaketa lanak ere egin ditu Brigadak, belar txarrak kendu, harmaila arteko juntura guztiak berriz hartu eta eremu guztia margotuz, eta bertako pintadak ere garbitu dira.