- Villabonako Udalak hainbat dinamika landuko ditu datozen asteetan Berpiztu Amasa-Villabona egitasmoaren baitan. "COVID-19 gaitza munduan hedatzen hasi zenean, ezin genuen aurreikusi gainera zetorren hondamendia", esan dute Udaletik. Pasa den astean janari bilketa herrikoia egin zuten eta larunbat honetan Osasun Etxeko eta Santio egoitzako langileei herri omenaldia egingo diete. Egun osoan zehar testuak, marrazkiak edo bestelakoak eraman ahal izango dira bi eraikinetara.
Egitasmoaren helburu orokorrak dira muturreko pobreziari eta gizarte bazterketari aurre egitea; osasun zerbitzu publikoa indartu eta adinekoen arreta hobetzea; tokiko merkataritza eta ostalaritza lagun-tzea; hezkuntza eskubidea bermatzea eta egoerak eskatzen dituen baliabide berriak ziurtatzea; eta aisialdi eskaintza ahalik eta zabalena ematea. Arlo bakoitzean, hainbat ekintza zehatz antolatu dira, finean, herria "berpiztu" nahi dute "klik" eginez. Herriko elkarte eta taldeekin harremanetan jarriko da Udala, ekintzak antolatzeko egon daitezkeen aukeren inguruan hitz egiteko eta elkarlanerako bideak aztertzeko.