- Elgoibar, Eibar, Deba, Mutriku, Soraluze eta Mendaroko Udalek errenta aitorpena euskaraz egitera animatzeko kanpainarekin bat egin dute eta horregatik Debabarreneko herritarrak gonbidatu nahi dituzte errenta aitorpena euskaraz aurkeztera.
Bizi dugun egoeraren ondorioz aurrez aurreko hitzorduak bertan behera geratu direla eta errenta aitorpena egiteko epea luzatu egin dela ikusita, Udalek eta eskualdeko Euskara elkarteek "gure hizkuntzari ere erreparatzeko" aprobetxatu nahi dute une hau.
Izan ere, "euskararen normalizaziorako bidean beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea" baina urratsa sendoa izan dadin "herritarren babesa eta parte hartzea ere beharrezkoa da, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere".
Horregatik, eskualdean euskaraz bizi nahi duten herritarrei errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbita egiten diete, eta bide batez, administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izatera animatu.