- Herriko txikienei zuzendutako Etxean goxo egoteko gida kaleratu ondoren, nerabeentzako Are you ready: Gazte Katalogoa argitaratu du Mendaroko Udalak, Agintzari gizarte ekimeneko kooperatibarekin elkarlanean.

Herriko ludoteka eta gaztelekua kudeatzen dituen Agintzari kooperatibaren hezitzaileek adierazi dutenez, "konfinamendu egoera honen kaltetu nagusienetakoak nerabeak dira eta beraien haserrea ulertzekoa bada ere, egoera berezi hau ona izan daiteke familia giroan eta norberaren baitan gauzak pentsatu eta harremanak sendotzeko".

Hori dela eta, gaztetxoentzako prestatutako gida berri honetan (mendaro.eus webgunean eskura daiteke) "etxetik ikasteko baliabideak, irakurmena lantzeko esteka interesgarriak, sormena lantzeko tailer eta ekintzak, gazte-problematikak lantzeko kanal ezberdinak edota kultur arloko proposamenak" jaso dira.