- Goierrin goraka doa koronabirusak eragindako heriotzen kopurua. Beasainen kasuan, Arangoiti adinekoen zentroan bosgarren heriotza baieztatu zuten atzo arratsaldean.
Asteburuan, berriz, 86 eta 88 urteko bi pertsona hil dira koronabirusarekin, eta lehen bi heriotzekin atzokoa batuz osatzen da zenbakia. Azken hiru egunetan hildako bana izan dira koronabirusa zuten eta Arangoitiko kide ziren beasaindarretan.
Orain arte egindako proben arabera, Beasaingo Udaletik jakinarazi dute COVID-19 birusaz kutsatutako hamar kasuetatik erdiak hil direla. Hain zuzen ere, positibo eman duten gainerako bost pertsonetatik bi Donostian daudela azaldu dute, bat Donostiako Ospitalean eta bestea, aldiz, Gurutze Gorrian, eta gainerako hirurak Arangoitin isolamendu egoeran aurkitzen dira oraintxe bertan. Egoitzako langileei dagokionez, hauen artean ere positiboak atzeman dituzte; lau guztira. Horietatik bi, baina, lanera "itzultzear" daudela agertu dute, birusa pasa ostean.
Beasaingo Udalak, orain arte egin duen bezala, kandela pizte herrikoia egitera gonbida-tzen ditu herritarrak heriotza bat izaten denean, eta horregatik atzo, 21.00etan, herrian koronabirusaren ondorioz hildako azken hiru pertsonak oroitzeko kandelak piztu zituzten herritarrek.
Osasun alerta eta alarma egoerak iraun biartean egoitzako bisita-erregimenak itxita jarraitzen du, eta osasun-agintariek isolamendu neurriak mantentzen dituzte.