Auzotarrek handi egiten dituzten jaiak
Santamarinak, sanpelaioak, Vista Alegreko jaiak, Azken Portuko festak, Itxasmendikoak... Zarauzko auzo askok ospa-tzen dituzte festak. Aurten, horiei guztiei bat gehiago batuko zaie: Salbideko jaiak.
Auzoko lagun talde batek urteak darama auzo bazkaria eta gaztain jana bezalako ekimenak bultzatzen, baina aurten, pauso bat haratago joan dira eta lehen aldiz, Salbide auzoak festak izango ditu. "Urteak gindoazen esanaz zerbait egin behar genuela auzoa biziberritzeko eta pasa den udan pentsatu genuen lehen bilera antolatzea, auzotarrek zer nolako erantzuna zuten ikusteko", azaldu du Oihan Odriozola antolakuntzan buru-belarri dabileen kideetako batek.
Hala, urtarrila bukaera aldera ospatu zuten lehena eta herritarren "asmo ona" ikusita, martxan da proiektua.
Auzo honek ez du santurik ez elizarik, beraz ez zuten data zehatz bat finkatua. Burutapena esku artean izanda, Turismo departamentura jotzea izan da egin duten lehenengo lana, "ez baikenuen nahi herriko beste ekitaldiekin kointziditzea", jakinarazi du Iñigo Arrillagak, beste bultzazailetako batek. Egun batzuk zehaztea lan erraza izan ez den arren, erabaki dute: iraileko hirugarren astebukaeran izango dira Salbideko jaiak, hilaren 18an hasi eta 20ra bitartean. Giroak gau eta egun irautea nahi dute eta asmo horrekin aukeratu dituzte egun hauek: "Urte garai ona iruditu zaigu. Ez genuen nahi festak uda gorian izatea zarauztarrak hondartzara joaten baitira", esan du Arrillagak.
30 lagun Hau guztia antolatzeko helburuarekin, adin guztietako 30 lagun inguru biltzen dira bi astetk behin eta bihar izango dute laugarren hitzordua.
Aurtengo asmoa garbi dute, auzo mailako "festa txiki" batzuk sortzea: "Oreka bat bilatu behar dugu lanaren eta festaren artean, ez dugu jendea nekatzerik nahi. Aurten hasitakoa, urte askotarako izan dadila!", argitu du Ane Agirre elkarteko idazkariak.
Izan ere, seriotasun osoz hartu dituzte eginbeharrak guztiek eta elkarte bat sortzeko dokumentazio guztia prest dute, baita presidentea (Fermin Aldalur), idazkaria (Ane Arregi) eta diruzaina (Aitor Telleria) ere. Ildo beretik, hainbat azpitalde eratu dituzte, erabakiak hartzerako orduan errazagoa izan dadin: ekonomia, harremanak, txosnak eta kontzertuak, haur-jolasak eta bazkaria.
Egitarauari dagokionez, "adin guztietako bizilagunentzat izango da zer egin bertan" , baina oraingoz, "zirriborro" bat bakarrik aurkeztu dute: parrilada, ume-jolasak, txokolatada auzo bazkaria, trikipoteoa, bingoa, diana txistulariekin, kontzertuak... izango dira.
Festa eremuak finkatzeke dituzte oraindik. Bost-sei leku bururatu zaizkie, eta orain udalaren onespenaren zain daude. Hala ere, ez dute nahi festa gune batean bakarrik finkatzerik: "Auzoa berez berezia da, taberna batzuk alde batean daude eta beste batzuk bestean. Eremu ezberdinak jartzen saiatuko gara, festa uztartzea baita asmoa", jakinarazi du Odriozolak.
Bereziki, "Salbideko iturriari garrantzia" eman nahi diote auzoko "ikurra" berau baita. Beraz, ziur asko bertatik botako dute txupinazoa eta beste ekintza pare bat bertan egitekoak ere badira.
Festak antolatzeaz haratago, "auzokideen artean harremanak sortu nahi ditugu, baita Zarauzko beste auzuneekin ere". Hori ain-tzat hartuta, auzoen arteko lehiaren bat antoaltzekotan daude.
Ekintza asko laguntza ekonomiko gabe egin daitezkeen arren, kontzertuak eta beste hainbat ekintzetarako, aurrekontu bat edukitzea beharrezkoa dute. Horregatik, jakinarazi dutenez, Zarauzko Udalaren laguntzaz gain, auzokideen ekarpenak beharko dituzte.
Laguntzeko prest dagoenak, salbidekojaiak@gmail.com helbidera mezu idatzi dezake edo 686 82 43 07 telefonora deitu.
Egitarauari dagokionez, "adin guztietako herritarrentzat" egindakoa izango da, baina oraingoz "zirriborro" bat bakarrik dute
Laguntzeko prest dagoenak, salbidekojaiak@gmail.com helbidera idatzi dezake edo 686 82 43 07 telefonora deitu