Hautetsien ardurak, liberazioak eta ordainsariak zehaztu dira Orioko Udalan
Orio- Joan den ostegunean Orioko Udalbatzak ez ohiko udalbatzarra egin zuen eta bertan udalaren martxa markatuko duten hainbat gai zehaztu zituzten.
Orioko EAJ ez zen ados agertu EH Bilduk zinegotzien asignazioan hartu zuen erabakiarekin. Izan ere, udalbatza osatzen duten alderdiek 350 euroko asignazio finko bat izango dute, eta horri zinegotzi bakoitzeko 25 euro gehitu behar zaizkio. Hala, EH Bilduk 500 euro jasoko ditu, EAJk 475 euro, PSEk 375 euro eta Orainek 375 euro.
Bestetik, zinegotzien asignazioak kalkulatzeko hurrengo irizpideak finkatu zituzten: Osoko bilkuran parte hartzeagatik 100 euro jasoko ditu hautetsi bakoitzak; batzordekide izateagatik, batzorde bakoitzeko 50 euro; bozeramaile izateagatik, 250 euro; ba-tzorde buru izateagatik, 150 euro gehiago. Dena dela, udalbatzarrean zehaztu zuten, liberatuta dauden zinegotziek ez dute inolako asignaziorik jasoko.
EAJren ustez, ordea, EH Bilduren proposamenean oposizioan geldituko diren zinegotzien lana oso modu desorekatuan baloratu dute.
"EH Bilduk proposatutako liberazioekin ados gaude. Ulertzen dugulako Alkatetzak duen erantzukizuna eta ardura baina, udal ordezkari batek berez duen ardura, hau da batzordeetan eta plenoetan parte hartzea, berdina izan beharko luke kasu guztietan, zaren alderdikoa zarela. Kasu honetan, bozka gehiago jasotzeak onurak eman beharrean, penalizatu egiten dute", argitu zuten EAJko kideek.
"Prest geunden batzorde baten kudeaketa eramateko ere, baina ikusirik baldintzatuta zegoela batzorde buruaren kudeaketa, liberazio, asignazio, gobernu batzarraren eraketa eta bozeramaile batzordearen proposamena onartzea, argi ikusten da guk ezin dugula zinegotziaren asignazioak onartu, beraz kanpoan gelditzea behartzen gara", jakinarazi zuen EAJko zerrendaburua den Lourdes Salsamendik.
Bestetik, Anuska Esnal alkateak liberazio osoa izango du alkate kargua betetzeko eta Udal hitzarmeneko 24. mailako soldata izango du, hau da, urteko 55.422,78 euro jasoko ditu.
Bestetik, Ainara Munduate zinegotziak %50eko liberazioa izango du eta alkateorde eta batzordeburu kargua beteko du; honek Udalhitzeko 20. mailako soldata izango du, eta urtean 23.954,67 euro jasoko ditu. Horrez gain, Bakartxo Oliden zinegotzia alkateordea eta batzordeburua izango da eta eginbehar horiek bete-tzeko %25eko liberazioa izango du; Udalhitzeko 20. mailako soldata izango du, urtean 11.997,34 eurokoa. A.Z.