‘Harria hitz’ bisita gidatua Usurbilen
Usurbil - Datorren larunbatean egitarau kulturalaz gozatzeko aukera izango dute usurbildarrek. Hasteko, goizetik Harria hitz bisita gidatua antolatu da 60. hamarkadan Euskal Herrian eman zen berpizkunde artistikoa ezagutzeko. Bestetik, arratsaldean Usoa Zumetak familientzako doako serigrafia tailerra antolatu du kamisetak apaintzeko.
Ibilbide kulturalaren ekimena doakoa da, baina beharrezkoa izango da izena ematea 688 818 017 telefonoan edo info@kultour.pro helbide elektronikoan. Izena emateko azken eguna ostirala da. Partaideak 10.00etan elkartuko dira frontoian.
Euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da Usurbil, baita euskal sorkuntzarekin konprometitutako herria ere. Harria Hitz ibilbideak, herrigunean ikus daitezkeen zenbait elementuren bitartez, Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu. Bertan, TxTxTx Txokoaldeko Txalaparta Txokoa (Oreka TX taldeko txalapartariek Usurbilen entseatzeko eta erakustaldiak egiteko duten gunea) eta Zumeta Arte Estudioa (Jose Luis Zumeta margolariak eta bere alaba Usoak partekatutako espazioa) ezagutzeko aukera ere izango da. Horrez gain, arratsaldean, 16.00etatik aurrera, Usoa Zumetarekin batera familien-tzat serigrafia tailerra prestatu da.
“Sei urtetik aurrerako haurrak dituzuenok familian arratsalde pasa berezia egin ahal izango duzue. Serigrafia teknika ikasi eta Usoarekin batera norberak bere kamiseta estanpatzeko aukera izango duzue”, azaldu dute antolatzaileek.
Tailerra ere doakoa izango da eta izen-ematea 688 818 017 telefonoan edo info@kultour.pro helbide elektronikoan egin beharko da. Parte-hartzaileek kotoizko kamiseta argia eraman beharko dute serigrafia tailerrera. - A.M.