Anguletarako epea murriztu egin diete arrantzaleei
Orain arte ia hiru hilabetez aritzen ziren eta orain hamar egunera murriztu zaie
orio - Beste urteotan azaroaren erditik urtarrilaren amaierara arte aritu izan dira anguletan Oriako angulazaleak. “Aurten, ordea, abisurik gabe lizentzia berritzeko eguna iritsi eta horretarako aukerarik ez ziguten eman”, aitortu du Unai Eizaguirre Orioko angulazaleetako batek. Hori gertatu ondoren, bi astera mezu bat jaso zuten esanez anguletan jarduteko epea hamar egunetara murriztuko zitzaiela. “Ez dugu ulertzen hartutako erabakia”, jarraitu du Eizaguirrek.
Hori gertatu ondoren anguleroak mugitzen hasi ziren, bai Zumaiakoak eta baita Oriokoak ere, eta hainbat aldiz bildu dira dagoeneko. “Bilera horietan ikusi dugu denek antzeko ikuspuntuak geneuzkala gertatu denaren inguruan eta beharrezkoa dela horri erantzuna ematea”, azpimarratu zuen Eizagirrek.
Aurreko larunbatean egin zuten bilera horietako bat. Orioko Salatxo aretoan bildu ziren eta bertan izan ziren Udaleko hainbat zinegotzi eta Jose Angel Zaldua alkatea, honen berri izateko asmoz. Horrela, Eizagirrek kezka iturri diren gaiak jarri zituen mahai gainean: arrantzaren muga, lizentzia berririk ez ematea, kirol arrantza denominazioa, uraren kalitatea, hegazti harrapakarien presentzia eta angula ezin saltzea, besteak beste. Bilera horren bitartez “egoeraren berri” eman nahi zuten.
Argi dute angula harrapatzea kirol arrantza baino zerbait gehiago dela. “Orion eta Euskal Herrian tradizio handia duen zerbait da; gure kulturaren parte da eta hori mantendu nahi dugu eta gure ondorengoei helarazi”.
Gaur egun Orion itsasontzietako 18 lizentzia inguru daude eta Zumaian, aldiz, 10. Lehorreko lizentziak ere badira eta horiek 150 inguru dira Oria ibaian jarduten direnen artean (Euskal Herri osoan , berriz, 400). Baina epearen murrizketa ontzietako lizentzia dutenei bakarrik jarri diete: “Eta ez dugu arrazoia ulertzen”. Gainera, angulazaleen esanetan angulen kopurua gorantz doa.
Egoera ikusita, elkarte bat sor-tzeko eta biltzen jarraitzeko asmoa dute angulazaleek. Otsailaren 9an Salatxon elkartuko dira Gipuzkoako angulazaleak Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariarekin eta Aztiko angula saileko arduradun batekin, bi aldetako ikuspuntuak ikusi eta eztabaidatzeko.
Más en Gipuzkoa
-
El Instituto Bidasoa de Irun cuenta con un nuevo receptor geodésico
-
36 expositores participarán en la Feria del Libro Antiguo y de Ocasión de Donostia
-
El Ayuntamiento de Hondarribia condena un caso de violencia machista
-
ErNE denuncia filtraciones de agua y condiciones de insalubridad en la comisaría de Ondarreta