AbEnduak azoka prestatzen hasi da AEK
Santo Tomaseko ekitaldian talo postua ipintzeko deialdia zabaldu diete euskararekiko atxikimendua duten taldeei
ZARAUTZ - Urola Kostako AEK elkartea dagoeneko martxan ipini da abenduaren 15ean antolatuko duten AbEnduak Santo Tomaseko azoka dela eta. Aurtengoan ere talo postua ipintzeko deialdia zabaldu nahi izan dute eta haren kargu egiteko interesa duen elkarte orok haiekin ipini beharko du harremanetan azaroaren 30a baino lehen, 943 13 01 75 telefono zenbakira deituz edo zarautz@aek.eus helbide elektronikora mezu bat bidaliz.
Izan ere, duela bi urte ekin zioten azokaren ohitura honi eta “arrakasta izan duenez, aurten ere talo postua euskararekiko atxikimendua duen talde bati uztea erabaki dugu”, adierazi zuten AEK taldeko ordezkariek. Pasa den urtean, Zarautz Libre taldeak hartu zuen postuaren ardura eta azokako antolatzaileen hitzetan “jende ugari ibili zen Foruen plazan nahiz eta goizean goiz eguraldiak askorik lagundu ez”. AEKko arduradunek oroitzen dute Aterruneetan “jende mordoa” gerturatu zela bai min-tzodromora, baita ipuin kontalariarengana, eta baita herri kiroletara ere. “Izan ere, taberna eta jatekoa gertu izanik giro goxoa egon baitzen”.
Aurtengo AbEnduak azokaren prestaketa lanekin hasi dira bada eta honen inguruan “herritarren bilgune izan nahi duen goiza” antolatzen ari direla adierazi zuten. Hala eta guztiz ere, gehiegi aurreratu nahi izan ez zuten arren, esandakoen artean aurtengoan ere mintzodromoa egingo dutela azpimarratu zuten. “Euskaraz hitz egin nahi duen bidelagun zein bidelari oro ongi etorria izango da geurera”, adierazi zuten. Horrez gain aurtengoan ere ekitaldi gehiago antolatuko dituzte, Santo Tomas eguna izanda ezin falta litekeen txistor lehiaketa esaterako. Gainontzeko ekitaldien berri “aurrerago” emango dutela eta esperoan mantentzeko eskatu zuten.
Bestalde, urtero bezala, otar erakargarriak eskuratzeko aukera izango dute azokara gerturatzen direnek, horretarako boletoak erosiz. Beraz, “AEKren aldeko festa xume baina baita jendetsura” gonbidapena luzatu nahi izan diete herritar guztiei. -N.O.