ZARAUTZ - Larunbat honetan Nazioarteko Ahotsak izeneko abesbatzen kontzertu sorta hasiko da Zarauzko Abesbatzaren eskutik eta bertan Tolosako Nazioarteko abesbatzen lehiaketara datozen talde batzuk hartuko dute parte. Hain zuzen ere, aurtengoa lehiaketaren 50. urteurrena izanik, bertatik pasa diren abesbatza sarituenak hautatu dituzte aurtengo ediziorako eta beraz, Zarautzen “luxuzko aukera izango dugu Tolosara joan ezin duenarentzat, nazioarteko abesbatza hauek entzuteko”, baieztatu zuten herriko abesba-tza taldeko kideek ekimenaren aurkezpenean.

Urriaren 27an Ukrainako Oreya abesbatzarekin ekingo diote ikuskizunari. Bi egun beranduago, astelehenean, Ameriketako Estatu Batuetatik datorren Salt Lake herriko abesbatzaren txanda izango da eta azaroaren lehen asteburuan beste bi kon-tzertu egingo dira: 3an, larunbata, Alemaniako Saarbrücken abesbatzaren eskutik eta 4ean, igandea, Letoniako Kamer taldearenetik. Bestalde, kontzertu guztiak Frantziskotarren elizan egingo direla jakinarazi du Zarauzko Abesbatza taldeak, 20.30etan.

“Benetan ohore handia da honelako mailako abesbatzak izatea gurean”, azaldu zuten herriko taldeko kideek eta gaineratu zuten “zarauztarrei honelako abesbatzak entzuteko aukera eskaintzea, pozgarria” dela. Izan ere, garai honetan “kantari kanpotarren presentzia handia somatzen da herriko hainbat txokotan eta Nazioarteko Ahotsak ekimenarekin giro hori borobiltzea lortzen dugu”. - N.O.