mutriku - Mutrikuarrek Santu Guztien Egunaren bueltan urtero ospatzen duten Gaba Beltza festaren edizio berri batekin disfruta-tzeko aukera izango dute datozen egunetan. Urtero bezala, Udalak antolatutako ekitaldi ugari egongo dira herrian, bereziki haur eta gaztetxoei zuzenduta.

Aurtengo Gaba Beltzaren programa abiatzeko Haur Hezkuntzako umeentzako ekintza beldurgarria egongo da bihar (18.00etan Iratxo ludotekan), Txantxangorri aisialdi taldearen eskutik.

Horren ondoren (19.30ean) Gure Ametsa dantza taldeak eta Gaztelekuak prestatutako Axuri Beltza dantza izango da erdiguneko kaleetan zehar eta hori amaitzerakoan Talaixako mamuaren erreketa Beheko plazan.

Baina horiek ez dira bihar egongo diren ekitaldi bakarrak izango. Izan ere, Txantxangorri taldeak bestelako ekintza beldurgarriak burutuko ditu Zabiel kultur etxean (20.30ean LHko 1, 2 eta 3. mailakoentzat eta 21.15ean LHko 4, 5 eta 6. mailakoentzat).

Festak larunbatean jarraituko du. Egun horretan itxura aldatzeko tailerra (17.00etan Zabielen), Arima Dance taldearen kalejira beldurgarria (19.00etan, euria bada frontoian) eta Disko Festa (21.30ean Beheko plazan) egongo dira.

Eta 2018ko Gaba Beltza borobiltzeko 4 eta 9 urte bitarteko neska-mutilei zuzendutako ipuin kontaketa beldurgarria izango da datorren asteazkenean (17.00etan liburutegian), Leire Basarrate ipuin kontalariaren eskutik. - J.Leon