zarautz - Pagoeta Mendi Elkarteak irteera berria antolatu du urriaren 12tik 14ra bitarterako. Kantauriar mendikateetara abiatzea dute helburu eta berta izen eman ahal izateko, elkartearen egoitzan egin beharko da, urriaren 1 arte. Plazak mugatuak direla ere jakinarazi du antolakuntzak, izan ere 28 pertsonek parte-hartu ahal izango dute irteera honetan. Ostiralean 5.30ean irtengo direla jakinarazi dute, Agoueseneko biribilgunetik.
Urriaren 12an Braña Vieja- Pico Tres Mares-Peña Labra-Piedrasluengas mendatea egingo dute, urriaren 13an berriz Cucayo-Bistruei eta azken egunean, San Glorio mendatea, Coriscao-Espinama eginez amaituko dute.
“Eguraldia lagun baldin badaukagu, izugarrizko bistak izango ditugu Kantauriar mendikaterantz (Cordillera Cantábrica) eta Picos de Europarantz goazela”, diote antolakuntzako kideek eta ekipaiaren inguruko aholkuak ere luzatu nahi izan dizkiete interesa dutenei: “Zeharkaldietarako ohiko ekipoa, beroki edo euritakoren bat, makilak, esku zorroak eta hiru egunetarako mokaduez gain, lotarako maindireak edo zakua” eraman beharko dira, antolatzaileen arabera eta gauak Potes inguruan dagoen Valdebaro albergean egingo direla ere baieztatu dute. - N.O.