Síguenos en redes sociales:

Eraginkortasun energetikoa lantzeko tailerra, Ordizian

Datorren astelehenean egingo da tailerra eta izen-ematea ostiral honetara arte egongo da zabalik

Eraginkortasun energetikoa lantzeko tailerra, Ordizian

ordizia - José Ignacio Asensio, Ingurumeneko diputatuak, José Miguel Santamaría, Ordiziako alkatearekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak zuzendutako Gipuzkoa Argitu programako tailerrak aurkeztu ditu Ordiziako Udalarekin elkarlanean.

Helburu argia du programak: argindar kontsumoaren murrizketa era erraz eta soil batean susta-tzea, Gipuzkoako etxebizitza, komertzio eta enpresa txikientzako baliabideen bitartez. “Jendearengana gertura-tzeko programa bat da. Azken finean, askotan, faktura soil bat ulertzea ere kostatu egiten zaigu eta horregatik beharrezkoa ikusten dugu gizarteari beharrezko erremintak ematea kontzeptu guzti horiek behar bezala ulertzeko”, nabarmendu du diputatuak.

ordiziarren pausoak Horregatik, datorren astelehenean, hilaren 18an, argindarraren kontsumoak ulertu, aztertu eta erabakiak hartzeko tailerra eskainiko dute doan. Arratsaldean izango da saioa, 18.00etan, Ordiziako KZgunean. Hala ere, tailerrean parte hartu nahi dutenek ostiral hau baino lehenago eman beharko dute izena. Bi bide erraztu dituzte horretarako. Batetik, rosa@laiacoop.eus helbidera posta elektronikoa bidaltzea da. Bestetik, 653 013 702 telefonora deitzea da. Hala ere, informazio osagarria ere eskainiko dute gipuzkoaingurumena.eus/eu/argitu estekan. Diputatu eta alkateak jakinarazi dutenez, tailer hau “arrakastatsua” izaten bada eta jendeak horrelako tailerren beharra duela ikusten badute, gehiago ere antolatuko dituzte.

Ordiziako Udaleko Joseba Aranburu zinegotziak Ordiziaren inguruko hainbat datu ere eskaini ditu. Hala, Ordiziako plan energetikoa exekutatzen hasiko direla agertu du: “Udalak datozen urteetara begira energia kontsumoa jaitsi egin nahi dugu. Ia 1.500 argi puntu identifikatu ditugu herrian, baina ohartu gara horietako askok ez dutela intentsitate berdina”. Horregatik, argi intentsitate hori berdindu egin nahi dute, leku guztietan argi maila antzekoa izan dadin. Hala ere, arrisku berezia duten lekuetan ez da berdin jokatuko: “Adibidez, leku ilunetan, parkeetan edo kale estuetan argiztapen gehiago erabiltzea aurreikusten dugu, arriskurik izan ez dadin”, esan du Aranburuk. Plan energetiko horrek, bestalde, bi norabidetako onurak ekarriko dituela gehitu du: “Ingurumenarekiko dugun errespetua igo egingo da eta ekonomikoki ere eragina izango du”.

informazioa, gakoa Ordizian egingo duten tailerra ez da bakarra izango; izan ere, hilabete hauetan 40 tailer egiten ari dira Gipuzkoako hainbat herritan. “Udal eta Aldundien arteko lana da hau. Tailerrak herritarrekin egingo dira, ez beraientzat bakarrik. Horrela, nahi duenak etxean dituen argiaren fakturak ere ekartzeko aukera izango du eta bertan horiek aztertuko dira. Hala, ikusi ahalko dute nola kudeatu dezaketen hobeto energiaren erabilera hori eta era berean, erosotasun hori galdu gabe, energiari dagokion gastua nola murriztu daitekeen ikusteko hainbat gako ere emango dizkiete. “Jendeari informazioa behar bezala eman behar zaio eta fakturan aurrezteko beharrezko baliabideak dituen gida bat ere egin dugu”, azaldu du Asensiok.