“Gauetako autobusaren gaia lantzea lortu dugu”
Zarauzko EH Bilduk mozioa erretiratu zuen Udal Gobernuak gaia lantzeko konpromisoa hartu duelako
Zarautz - Iazko udan izandako eraso sexistaren ondoren, mugimendu feministak egindako eskaeretan oinarritutako mozioa aurkeztu zuen Zarauzko EH Bilduk maiatzeko azken osoko bilkuran, baina azkenean mozioa erretiratu zuen koalizioak.
Horren aurrean, EH Bildu udal taldeak azalpenak eman ditu eta mozioaren erretiratzea zergatik gauzatu zuen adierazi du: “Duela ia urtebete, mugimendu feministak herriko autobus zerbitzua gaueko ordutegietara zabaltzea eskatu zuen, uda garaian egunero eta gainontzeko sasoietan asteburuetan, ostiral zein larunbatetan. Eskaera egin zutenean, Udal gobernuak autobusaren aukera ezinezkotzat jo zuen eta taxi-busaren pleguak ateratzerakoan, azter-tzeko konpromisoa hartu zuen”. Baina, oposizioak azaldu duenez, batzordetan gaiari buruz galdetu dutenean, Udal gobernuak gaiaren inguruko lanketarik ez zegoela adierazi izan du.
“Gure sorpresarako, udalbatzarra hasteko orduerdi falta zela, lanketa martxan zegoela eta mozioa erretiratzeko eskatu zigun EAJk, gaueko autobusa nahiz taxiaren planteamendu bat aztertzen ari omen direlako. Zalantza handiekin baina EAJk emandako hitza beteko duelakoan, mozioa erretiratzeko, bi konpromiso eskatu genizkion: gure eskaerak aztertu eta lantzea, eta lanketa horretan EH Bilduk eta Zarauzko mugimendu feministak ekarpenak egiteko aukera izateaz gain, erabakiak adostasunean hartzea”, azaldu dute. Amaitzeko, Udal gobernuaren deia espero dutela eta gaiaren inguruan lanean jartzea espero dutela azpimarratu dute. - A.R.