Getaria - Aurten 100 urte betetzen dira zarzuelako abeslaria zen Pepita Enbil getariarra jaio zela, eta urteurren horren harira Getariako Elkano Musika Eskolak Pepita Enbil Ziklo Musikala antolatu du lehen aldiz, “ikasleen egunerokotasunetik haratago eragin eta herrian, herritik zein herriarentzat musika sor-tzeko konpromezuari heltzeko”.
Musika eskolako irakasle diren Felipe Murillok eta Ines Osinagak prentsaurrekoan azaldu zutenez, “orain arte gure lanaren onuradun ohikoenak haurrak izan badira ere, beste kolektibo batzuetara musika zabaltzeko ardura ere izan beharko genukeela uste dugu. Getaria musikal bat bermatuko duen eragileetako bat gara, eta horren aldeko apustua egin nahi dugu erronka berri honekin”.
Zikloari maiatza amaieran hasiera eman zioten arren Gure Txeruren dantza emanaldi batekin, egitarau zabalena ekainean zehar eskainiko da, eta gaur bertan Mursegoren emanaldi berezi batez gozatzeko aukera izango da. 18.30ean Iturzaeta eskolako aretoan izango da hi-tzordua, eta espreski familientzako kontzertua eskainiko du. Bihar, berriz, Getariako Udal Musika Bandaren entsegu irekia izango da, 10.30etik aurrera, bandako lokalean, “zubiak eraikitzeko asmoz eta haizezko instrumentuen presentzia indartzeko gogoz” antolatutako saioa.
Hurrengo astean, ostegunean hain zuzen ere, Gazteak Musikari solasaldi musikatua ospatuko dute (19.00etan gaztelekuan), eta bertan izango dira Hesian taldeko Zuriñe Hidalgo eta Vendettako Pello Reparaz. Horretaz gain, astelehenetik asteazkenera musika eskolako ikasleek entzunaldi bereziak eskainiko dituzte, 18.00etan. Igandean, aldiz, Gantxegiko kintetoarekin jazz kon-tzertu batez gozatzeko aukera izango da, 19.00etan Katraponan.
Zikloarekin amaitzeko, ekainaren 20an Itsasontzi baten kurtso amaierako emanaldia egingo da (18.30ean, eskolako aretoan), eta kurtsoan ikasitakoa erakutsiko dute gaztetxoek. Eta ekainaren 21ean, Pepita Enbil kurtso amaierako festa egingo dute herrian zehar, 17.00etatik aurrera. Bertan hizkuntza musikako ikasle helduenek pista jolas bat prestatuko dute gazteek Pepita Enbil ezagutu dezaten.