Izarraitz Bizirik elkarteak, Itziarko Auzo Udalaren laguntzarekin, Talo Eguna antolatuko du igande honetan, maiatzaren 25ean, Lasturren.
Aurtengo edizioa Gipuzkoako IV. Erroten Egunaren baitan egingo da, eta egun osoko egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek.
Hitzaldia
Jaiari hasiera emateko, errotei loturiko hitzaldi bat eskainiko da 11.00etan, Lasturreko Aterpetxeko Interpretazio Zentroan.
Bertan, Joxin Azkue Gabilondo historialaria eta ikerlaria ariko da hizlari. "Lasturko errotak izango ditu hizpide, orokortasun batetik abiatuta”, azaldu dutenez. Hitzaldiak ordubete inguru iraungo du.
Talo dastaketa
Egunean zehar, Lasturko tabernaren atzealdean taloa dastatzeko aukera egongo da, Imanol eta Iñaki trikitilarien musikaz girotuta.
Horrez gain, auzoko errotak martxan egongo dira eta bisitariek izango dute haien funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko aukera.
Larrabehien erakusketa eta bazkaria
Eguerdian, 12.30ean, Albara ganadutegikoek larrabehien erakustaldia egingo dute plazan.
Eta indarrak berreskuratzeko, Lasturko tabernan bazkaltzeko aukera ere egongo da. Horretarako, aldez aurretik erreserba egitea gomendatu dute antolatzaileek, 943.199.033 telefono zenbakira deituta.
Ondare-elementuak
Gipuzkoako Erroten Eguna laugarren aldiz ospatzen da. Ekimen honen bidez, ondare-elementu garrantzitsu horien inguruko jarduera-programa zabal bat garatzen ari da, Gipuzkoan oraindik zutik dauden errotak balioesteko eta jendeari ezagutarazteko.