Segura - Eguraldiari begiratuz gero hala ez badirudi ere, udaberrian gaude dagoeneko. Urtaro honi ongi etorria emateko aukera ezinhobea izango da gaur Segurako plazan, Udaberriko Lore eta Landareen 18. Azokan. Aurtengoan ere parte-hartze kopuru handia izango da; hain zuzen ere, lore eta landareen 17 postu, euskal ekoizleen hamabost, eta artisauen zazpi mahaiek osatuko dute azoka. Goizeko 10.00etan zabalduko da edizioa eta 15.00ak arte egongo dira irekita. Bertan, ekoizle bakoitzak dituen produktuak izango ditu salgai eta trikitilari eta txistulari segurarrak ere izango dira goizean giroa alaitzen.
Goierrin alor honetan egiten den azoka garrantzitsuenetakoa da gaurkoa, eta goierritar ugarik ere ez du hutsik egingo zitara. Lore, landare eta barazkien postuen atzean izango dira, besteak beste, Jose Mari Setien segurarra, Haritz Urretabizkaia aramarra, Iñaki Azalza zaldibiarra eta Josu Osa beasaindarra. Azken honek hitzaldi bat ere emango du 10.30ean hasi eta 14.00ak bitartean, plazan bertan. Frutarboletan jarri behar diren txertoen inguruan arituko da beasaindarra, bide batez, egoki nola jartzen diren ere azalduko du eta jendearen galderei ere eran-tzuna ematen saiatuko da.
baserritarren tartea Landare eta loreez gain, Euskal Herriko produktore eta artisauak ere protagonista izango dira udaberriko azokan. Horrela, hainbat tresna eta produktu ezberdin erosteko aukera izango dute gerturatzen direnek. Esaterako, pilotagile eta zapatari bana bertan izango dira eskuz produktuak egiten eta horrez gain, erratzak, sendabelarrak, arropak zein produktu naturalak eskuratu ahalko dira.
Bide batez, Euskal Herriko produktoreek ere ekoizten dutena erakutsi eta salgai jarriko dute. Adibidez, Eugenio Elortza segurarrak eztia jarriko du salgai eta beste hainbat herritako produktuak ere lortu daitezke: Nafarroako ardo ekologikoa, ahatekiak, esnekiak, laboreak, gazta, olioa, karakolak, lekaleak, Segurako tarta eta gozoak eta herriko talogileak taloak egiten arituko dira.