Andoain - Andoain Laburrean bideo lehiaketak baditu irabazleak. Andoaingo guduaren egunerokoa proposamenari esker irabazi du Iker Casadok aurtengo lehiaketa, zeinak inoizko parte-hartzerik handiena izan duen: hamar lan aurkeztu dira.

Ostegunean banatu ziren Bastero Kulturunean hirugarren aldiz sorkuntza eta euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin antola-tzen den lehiaketaren sariak. Epaimahaiaren aburuz, Iker Casadok aurkeztutako lanak merezitakoa zuen lehen saria eta 400 euro jaso ditu gazteak. Bigarren saria, aldiz, Denis Leiza eta Olatz Perezentzat izan da Arantzarik gabe ikus-entzunezko lanarengatik eta 200 euroko saria jaso dute. Hirugarren errekonozimendua, berriz, Oier Hernandez, Carlos Blanco eta Egoitz Cobok aurkeztutako Errautsak lanarentzat izan da eta hirukoteak 100 euroko ordainsaria izan du.

Abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira egin zuen lehiaketaren deialdia Andoaingo Udalak ESCIVI-Andoaingo Zine eta Bideo Eskolarekin Batera. Antolatzaileak oso gustura daude lehiaketak aurten izan duen erantzunarekin, izan ere orain arteko hiru edizioetan izandako parte-hartze handiena izan du. Hamar lan aurkeztu dira, indibidualki edo taldean, eta 32 gaztek parte hartu dute.

Ikus-entzunezkoen eremuko hiru adituk osatu dute epaimahaian. Joxe Felipe Auzmendi telebista eta bideo produktoreak; Ainhoa Morales telebistako bigarren kamera laguntzaileak; eta Joseba Sacristan Garmendia kazetaria eta Gaztea Irratiko esatariak. Ainhoa Aierza ESCIVI-ko irakaslea aritu da idazkari lanetan.

Andoaingo herriari edo Andoaingo pertsona edo gertakari ezagun bati buruzko erreferentziaren bat jasotzea hobetsi dute lehiaketan, eta hala egindakotzat jo dute Andoainen grabatua izatea edo Andoain herriaren edo bertako pertsonaiaren baten aipamena nabarmentzea. Hala, lehen saria Andoaingo guduaren lan batentzat izan da.