Síguenos en redes sociales:

Zestoako Antzerki Astea hamabostaldia izango da aurten

Hilaren 26tik uztailaren 8ra kultur etxean sei antzezlan ikusteko aukera izango da

Zestoako Antzerki Astea hamabostaldia izango da aurten

Zestoa - Duela sei urte hasi ziren an-tzerki emanaldiak eskaintzen Zestoako Interpretazio Eskolakoak, eta urtebete geroago Antzerki Asteari ekin zioten. Orain, berriz, pauso bat gehiago eman dute eta Zestoako Antzerki Astea hamabostaldia bihurtu da. Hala, aurten ekainaren 26tik uztailaren 8ra ospatuko da eta bi astetan sei antzezlan ikusteko aukera izango da. Emanaldi guztiak 20.30ean izago dira kultur etxeko aretoan.

“Kultur etxeko aretoan 80 pertsona soilik sartzen dira. Iaz sarrera guztiak agortu ziren eta jende asko kanpoan gelditu zenez, aurten hamabostaldia egitea erabaki dugu. Obra politak ikusteko aukera izango da, eta gainera, obra guztiak euskaraz izango dira eta horrek ere badu balioa horrelako herri txiki batean”, azaldu zuen atzo Amancay Gaztañagak, Interpretazio Eskolako eta Eromen Produkzioak taldeko zuzendariak.

Hasteko, ekainaren 26 eta 27an La Casa de Bernarda Alba ezagunaren Amaren etxea moldaketa taularatuko dute bigarren mailako ikasleek, eta ekainaren 28, 29 eta 30ean Amancay Gaztañagak berak idatzitako obrarekin jarraituko dute: Hysteria. Komedia horretan histeria femeninoa gai-tza ezagutu ahal izango da, eta an-tzezlanaren ondoren, Zestoako bandak filmetako soinu bandak eskainiko dituzte. Uztailaren 1ean, berriz, haurren antzerkia izango da lehen aldiz Jo aurretik antzezlanarekin, Mikel Ibargurenen gidaritzapean, eta ondoren txaranga eta tortilla lehiaketa izango dira. Haurren emanaldia doakoa izango da.

Bestalde, uztailaren 2, 3 eta 4an Michel Azama antzerkigile frantziarraren poema dramatikoan oinarritutako Kruzadak lana izango da ikusgai, eta uztailaren 5, 6 eta 7an Paul Rudnicken Hamlet gorroto dut komedia taularatuko dute. Amaitzeko, uztailaren 8an Artedramak ekoiztutako Hozkailua ikusteko aukera izango da, Huts Teatroaren eskutik eta Patricia Urrutia eta Ander Lipus aktoreen parte-hartzearekin. “Udalaren babesa ezinbestekoa izan da azken antzezlan hau ekartzeko eta kolaborazio honekin Antzerki Astea hazten doala esan dezakegu”, nabarmendu zuen Gaztañagak.

Sarrerak Mairi dendan (estankoan) eskuratu daitezke bost euroren truke. Dena den, antzerki guztiak ikusteko bonu bat ere erosi ahal izango da 20 eurotan.