Síguenos en redes sociales:

“Nahiz eta mendian hasteko denbora badagoen, ez nuen itxaron nahi gustoko nuen zerbait egiteari ekiteko”

Janire Agirre ataundarra hasiberria da mendiko lasterketetan, baina dagoeneko maila ona erakusten ari da. Lehen, 400 metroan aritzen zen lehian

“Nahiz eta mendian hasteko denbora badagoen, ez nuen itxaron nahi gustoko nuen zerbait egiteari ekiteko”

ataun - Ilusioa nabari zaio Janire Agirre ataundarrari mendiaz hitz egiten duen bakoitzean. “Aske” sentitzen da bertan eta asko gozatzen du. Orain urte batzuk atletismoan ibiltzen zen lehiatzen, 400 metroko probetan. Espainiako txapeldun ere izan zen, baina aspaldiko oroitzapenak besterik ez dira garai haiek.

Atletismotik mendian ibiltzera pasa zara. Handia da aldaketa?

-Bai, erabatekoa. 400 metroan abiadura lasterkaria zara, eta ez duzu erresistentziarik. Jende askok esan izan dit “mendian erraz ibiliko zara atletismoan ibili izan zarelako”, baina ez da horrela. Azkenean 400 metroetako proba esplosiboa da, momentukoa. Mendian, bestalde, erresistentzia behar da. Gainera, orain erizaintza ikasten ari naiz Donostian eta bertan bizi naiz. Ohituta nago etxetik atera eta mendia ikustera, eta han ez dut holakorik. Asfaltoan korrika egitera ere irtetetan naiz oraindik, baina jende ugari ibili ohi da... desberdina da.

Atletismoan zeintzuk izan ziren zure lehenengo pausoak?

-Kadeteko lehenengo urtean, lasterketa baten ostean esan zidaten Espainiako txapelketarako minimoa egin nuela, baina nik ideiarik ere ez neukan zertaz ari ziren. Oso pozik ibiltzen nintzen orduan, ez neukan nerbiorik ez ezer, gozatu bakarrik egiten nuen. Datorren urtean berriz ere gutxieneko denbora egin nuen, eta horrela hiru bat aldiz lehiatu naiz Espainiako txapelketan. Behin lehenengo postuan geratu nintzen. Baina orduan nerbioak handiagoak izaten ziren eta asko presionatzen nuen nire burua.

Eta horrelako emaitza onak lor-tzen zenituela ikusita zergatik utzi zenuen atletismoa alde batera?

-Asko profesionalizatu zen guztia, kirolari promesaren beka ere jaso nuen, ia sei egunetan entrenatzen nuen. Kontzentrazioetan eta jendea ezagutzeko aukera handia izan dut, baina lehiatzerako orduan ondoren nahiko urte txarrak izan nituen, lesio bat tarteko. Gainera, unibertsitatean hasitakoan bakarrik entrenatzen hasi nintzen eta ilusioa galtzen joan nintzela esango nuke.

Orain mendian ibiltzen zara.

-Bai, atletismoak gauza asko muga-tzen zizkidan, esaterako, ezin nuen mendira joan eta betidanik asko gustatu izan zait. Nire osaba -Joxe Ramon Agirre ‘Marron’, 8.000 metroko sei mendi igoak ditu- beti ibili izan da mendian eta inbidia ematen zidan. Eta horrelaxe erabaki nuen aldatzea. Atletismoa hobby bat da, eta disfrutatzen ez egoteko muga asko jartzen zizkidan zerbait. Gero aldaketa batzuk ere izan ziren eta ikusi nuen biziak bi egun irauten zituela. Mendian hasteko denbora asko dago eta disfrutatzen nuen zerbait egin nahi nuen. Ez daukat itxaron beharrik gustuko dudan zerbait egiteko. Ez dakit hobetzen ari naizen, disfrutatzen behintzat bai. Oraindik ere bidea dago aurretik.

Mountopian lehenengo zaude. Zer da ‘txapelketa’ hori?

-Kasualitatez ezagutu nuen proba da. Bertan, egindako igoeren argazkiak igotzen ditugu eta jendeak bozkatu egiten du. Gaur amaitzen da epea eta oraingoz lehenengo noa. Hamar klasifikatzen dira eta otsailera arte beste gauza batzuk egin beharko ditugu, baina oraindik ez dakigu zer. Helburu bat jarri dugu parte-hartzaile guztiok. Nik Aconcagua mendia jarri dut, 2017rako helburu errealista bat delako. Irabazle suertatzen banaiz bertara joango naiz.

Mendi bat. Hirumugarrieta mendi inguruko buelta. Gipuzkoa eta Nafarroaren artean dago eta izugarrizko ikuspegia dago bertatik.

Hondartza bat. Oriokoa.

Pasaia bat. Ez da erraza bakarra aukeratzea, baina Aralar eta Txindoki elurtuta esango nuke. Bestela, Aia elurtuta ikustea. Txikitatik ilusioa egin izan didan gauza bat da.

Festa edo ekitaldi bat. Ataungo Aia auzoko festak.

Txoko gustukoena. Agaotz mendia.