Síguenos en redes sociales:

Ijitoak

Ijitoak

Telebista zuzentzen duan traste ori artuta kate batetik bestera saltoka nabillen, eta tarte batean itz auek entzun nitun: “Mundu guztian amabost milloi ijito daude eta Europan amairu”. Beraz, orrek esan naiko du, mundu guztitik etorritako ijitoak emen ditugula. Edo, danok ez ote gera ijoto jarri? Ijito zuria zala okerrena esan zunak gezurrik esan ote zuan?

Oiek bizimoduak ere aldatzen dijoazte, baiña ijitoak etxekoak genitun; gaiñera, zortzi aldi bat igarotzeko leku jakiñak izaten zituzten. Gure baserritik urruti gabe Aizaldekoatari deritzaion leku bat maitea zuten benetan. Gaztañadi bat zuan ondoan eta eskolatik etxera natorrela eta zozokabi billa, gogoan det gaztain-zulo baten zer oillo-luma pilla aurkitu nuan. Oillo jabeak sardin zarra janez eta ijitoak oilloa, zenbat aldiz gertatu ote da? Au ere polita da, Martuteneko espetxean nengolarik bi ijito genituen maikide, eta beretarren bidez oilloa jasotzen zuten astero; eta ni an nintzan azkenengo astean, oillo galanta ala ere, oso-osorik eltzean egosia jaso zuten. Zein azoka edo baserritan erosiak ote ziran?

Oien bizimoduak ere aldatzen dijoaztela esaten nuan aurrez, jakiña, gaur oillo-lurrean ez dabil oillorik; geienak kaioletan eta itxituretan noski, eta arrapaketa zaildua dago.

“Oillo-lurrean” esaerak zer esan nai duan ez dakienik izango da noski, garai batean baserriaren inguruz oillo saillak izaten ziran askatasun osoz; egazti sail arek artzen zuan lur saillari zeritzaion izen ori. Ikusi ezean oillo pare bat lapurtu arren, iñor etzan konturatuko eta ijitoak ederki oilloa janez.

Ijitoan opiziorik nagusiena asto edo abereairi illeak moztea izango zan, orain traktore eta kotxeak jarri zaizkigu asto eta abere lekuan eta orra irabaziak murriztu ijito jende orri.

Beren akats guztiakin santu itxura daramakigun asko baiño jatorragoak dirala esan behar ijito oiek gauz askotan; ez dakit nun giñan, urte asko joan dira geroztik, Zizurkilko Praisoron morroi zegon gazte bat genduan apaltzen; garai artan ama izateko zauden neska gazteak eta joaten ziran Praisorora, gero askok umeak bertan uzten zituzten. Onela zion morroi orrek: “Bai al dakizute umeak zeiñek ez dituzten uzten Praisoron...? Ijitoak”. Izan ere ain dira umezaleak!

Txirrita zanak ere ondo ezagutu zitun ijitoak. Orra zer dion bertso batean:

Ijituetan gutxi izaten

dirade berriz antzuak,

naturalezaz kasta gogorrak

ta gañera umetsuak;

bizkarrian bat, tripan bestia,

aldamenetan batzuak,

sail galantakin ikusten dira,

dabiltzala geientsuak.

Basarri bat ere egia pranko esanda joan zan mundu ontatik. Orra, zer dion bertso batean, Zarautzen eta Getarin bi asto lapurtu zituztela eta ijito oieri buruz:

Ijito jende ugari ori

jarri da gure tarteko,

ta zazpigarren agindu ona

oiek ez dute beteko.

Asmoak artu bitzate bizkor

beste norabait joateko,

iñon bearrik ez degu emen

egindakoak jateko.

Beste bertso au ere Basarrirena degu, eta ijitotatik kanporakoa. Gaurko egiña dagola dirudi:

Emengo gaitzak eztago bertsoz

ondo adierazterik,

gure auzia galdua dago

eztago irabazterik;

ez gendun uste geure denboran

era onetan jeixterik,

ustelkeri ta lapurkeria

ezta entzuten besterik.