Zumaia. Emakumearen egoera zein den ezagutzeko Zumaiako Udalak beka bat jarri zuen martxan iaz, eta Maider Alberdi zumaiarrak gauzatu zuen diagnostikoa 2015eko uztailetik abendura bitarte. Orain, lan horretan bildutakoa azalduko du datorren asteartean, Alondegian (18.30), Badakizu zein den emakume zumaiarren egoera, kirol arloan? hitzaldi-solasaldian.

Martxoaren 15ean hitzaldia eskainiko duzu Alondegian. Zer gai jorratuko dituzu saio horretan?

Diagnostiko honetatik ateratako ondorioak azalduko ditut hitzaldian, azken finean, diagnostikotik ateratako datuak emango ditut jakitera. Hitzaldiaz gain, hitzaldi-solasaldi moduko zerbait izatea nahi dugu, saiora azaltzen diren pertsonekin eztabaidatzeko eta jendearen parte-hartzea bultzatzeko.

Nola egin duzu diagnostikoa Zumaiako emakumeen egoera kirolean zein den jakiteko?

Kirolarekin erlazioa duten arlo ezberdinak aztertu ditut: Zumaiako Kirol Patronatua, kiroldegia, eskola kirola, errendimenduko kirola eta aisialdiko kirola. Ondoren, azken atal bat ere sartu nuen, emakumeek denbora nola kudeatzen duten eta horrek jarduera fisikoa egiterako garaian duen eragina aztertzeko.

Nolakoa izan da diagnostikoa egiteko prozesua?

Lana atalka banatu nuen eta informazioa jasotzen joan nintzen. Hasteko, Kirol Patronatuko kideekin bildu nintzen, elkarrizketa bat egin nuen beraiek zer informazio zuten eta bertatik zer datu jaso ahal nituen ikusteko. Egia esan, Kirol Patronatutik informazio asko jaso dut, kiroldegiko datuak ere badituztelako eta eskola kirolean ere parte hartzen dutelako. Eskola kirolean, adibidez, bi eskoletako koordinatzaileekin bildu naiz eta gurasoei inkestak egin dizkiet. Bestalde, errendimenduko kirolean elkarte guztietako zuzendaritzako norbaitekin elkartu naiz eta datuak jaso ditut. Horretaz gain, emakumeekin bi eztabaida talde egin nituen; batetik, errendimenduko kirolari begira, eta bestetik, azken atalerako emakumeen esperientziak eta bizipenak jasotzeko.

Zer ondorio atera dituzu?

Ez dakit ondorioa den, baina pentsatzen nuena baino emakume gehiagok kirola egiten duela ikusi dut. Dena den, oraindik aurrerapauso asko eman behar dira eta estereotipo eta emakumezko eta gizonezkoen arteko desberdintasun horiek parte-hartzean nabarmentzen dira. Kiroldegian, adibidez, espazioen erabilera desberdina da, eta emakumeen %90ak hartzen du parte ikastaroetan, eta gizonezkoen parte-hartzea, berriz, %10ekoa da. Hori izango litzateke ondorioetako bat, egituratutako jardueretan emakumeek hartzen dutela parte gehienbat, eta gizonezkoak, berriz, pixkat libreago direla.

Eta zerbaitek harritu zaitu?

Ez dakit harritu didala esango nukeen, baina aipagarria iruditzen zait kiroldegiko parte hartzean, abonatuen artean behintzat, ez dagoela ezberdintasun handirik emakumezko eta gizonezkoen artean. Abonatuak parekatuta daude, eta ia %50 emakumezkoak dira, eta beste %50a gizonezkoak.

Zuk uste duzu diagnostiko hau erabilgarri egingo zaiola Zumaiako Udalari?

Nik baietz uste dut, egoera nola dagoen ikusteko behintzat balio duelako, eta hobetzeko gauzak non dauden erakusten duelako, arazoak edo puntu ahulak non dauden Azken finean, Zumaiako egoeraren argazki bat da. Gainera, ez da herri askotan egin horrelako diagnostikorik, eta nik uste baliogarri izan daitekeela aurrera begira zer pauso eman daitezkeen ikusteko.

Zure ustez, zer egin dezakegu egoera aldatzeko eta berdintasuna lortzeko?

Emakumearen beste esparru asko bultzatzen ari dira azken aldian, eta nik uste dut kirolaren arloan ere bultzatu egin behar dela emakumearen ahalduntze hori, eta emakumeei bideratutako ekimenak egitea da kontua.

Azken urte hauetan aurrerapausoak eman direla esango zenuke?

Bai, pixkanaka ari gara pausoak ematen eta bagoaz aurrera. Baina oraindik ere lan asko dago egiteko eta nabarmena da kirola, nolabait, mutilen mundua dela, mutilek errazago jotzen dute kirola egitera emakumeak baino.