Síguenos en redes sociales:

Zartagiak, Wroclaw erara ere bai

Danbor hotsak atzean utzi eta berehala inauteriak badatozela iragartzeko 4.500 pertsona inguru atera ziren atzo Donostiako kaleetara zartagiak eskuetan zituztela. Hungariatik etorritako kaldereroei Wroclawetik etorritako beste hiru batu zitzaizkien.

Zartagiak, Wroclaw erara ere bai

Haiekin batera, 370 pertsona inguruk astindu zituzten zartagiak (erdia baino gehiago, emakumezkoak) Sarriegiren doinuen erritmoa jarraituz 19 tributan banatuta. Ohi bezala, Konstituzio plazan jarri zuten kanpamendua eta bertan bildutakoak haiekin abestera gonbidatu zituzten. Hotza egin arren, jendetza bildu zen eta mailuen kolpeekin batera abesten animatu ziren asko.

Handik gertu beste mailu batzuk ere ari ziren lanean. Hungariako Kaldereroen Lehen Konpartsako 300 kideek 21.45ean zuten hitzordua Santa Mariako atarian eta handik abiatuta, Sarriegi plazan ezarri zuten haien kanpamendua. Sarriegi maisuaren abestiak gizonek abestu zituzten eta Zingarelle taldeko emakumeek beste hiru abesti kantatu zituzten.

Parte Zaharrean ez ezik, gainerako auzoetan ere izan ziren Hungariako kaldereroak atzo inauteriak iragartzeko asmoz. Grosen, esaterako, 200 pertsona baino gehiago elkartu ziren 18.00etatik aurrera eta kanpamendua Txofreko plazan jarri zuten. Aurten, gainera, abesti berria estreinatu zuten, La carga de Tupper, lehen karlistadan William L. M. Tupper koronelak hiria defendatu zuela eta haren inguruan.

Iñude eta artzainak

Amaran, Egian eta Altzan ere izan ziren kaldereroak atzo arratsaldean eta gaur Loiolan aterako dira. Beste auzo batzuetan datorren ostiralean desfilatuko dute ijituek, inauteriak jada hasita egongo badira ere.

1884. urtean hasi omen zen Donostian kaldereroen festa eta azken urteotan indarra hartu du, konpartsa eta kide gehiago atera-tzen baitira auzoz auzo.

Kaldereroen ondoren, ohiturari jarraituz, gaur goizean Kresala elkartearen eskutik Iñude eta Artzainen txanda izango da. Parte Zaharreko kaleak zeharkatuko dituzte dantzan 12.00etatik aurrera.