Giza proba txapelketako bigarren saioa igandean jokatuko da Errezilen
Berrobi, Itziar, Mendaro eta Debako taldeek jokatuko duten proba 18.00etan hasiko da plazako probalekuan
Errezil - Herri kirolak gustoko duten herritar guztiek ezinbesteko hitzordua izango dute datorren igandean Errezilen. Izan ere, Gipuzkoako giza proba txapelketako bigarren jardunaldia igandean jokatuko da Errezilgo Gernika plazako probalekuan.
Proba 18.00etan hasiko da eta bertan Itziar, Mendaro, Deba eta Berrobiko taldeek parte hartuko dute.
Gipuzkoako Herri Kirol federazioak Errezilgo Gaztetandik kultur elkartearen ezinbesteko laguntzarekin antolatutako jardunaldi honetan parte hartuko duten taldeek ezin izango dute 660 kilo baino gehiago izan; talde bakoitzeko zortzi kideren pisua batuta.
Edonola ere, giza probako taldeek 900 eta 1000 kilo arteko harriarekin egin beharko dute lan, 20 minutuz.
Ikuskizunerako sarreren prezioa 10 eurokoa izango da.
Proba bitxia Elgoibarren Errezilgoa ez da igandean jokatuko den giza proba bakarra izango. Izan ere, Elgoibarko Idotorbe (San Pedro) auzora gerturatzen direnek giza proba berezi batekin disfrutatzeko aukera izango dute egun berean, 13.00etan.
Bertan, Mendaroko zortzi neska osatuko duten taldeak Berriatuako sei mutil osatutako taldearen aurka neurtuko ditu indarrak. Talde bakoitzak 20 minutuz arituko da lanean, 500 kiloko harriarekin, hain zuzen ere. - J.L.