Tolosa - Zazpi milioi amets, plantea bakarra, zentzuz kontsumitu lelopean kontsumo arduratsuaren inguruan ohartarazi nahi du aurten Ingurumenaren Egunak. Tolosaldea Garatzen agentziak, eskualdeko udalekin batera, hainbat ekintza antolatu ditu hurrengo astean. Askotariko ekimenak izango dira, horien artean deigarria saguzarrak ezagutu eta emititzen dituzten ultrasoinuak entzuteko aukera eskainiko duen ekimena Alkizan.
Hala ere, herri askotan izango dira ekimenak. Asteazkenean, 9.30etik 11.45era, Tolosako Trianguloan Tolosaldeko VII. Topaketak egingo dituzte. Bertan, EA21 proiektua landu duten ikasleak bilduko dira eta mugikortasunak, garraioak eta horretarako erabiltzen den energiak gure ingurunean dituzten ondorioak partekatuko dituzte.
Era berean, Ibarrako Uzturpe ikastolako DBHko 2. mailako ikasleek asteazkenean Usurbilgo Lanbide Heziketa ikastetxea bisitatuko dute, energia berriztagarriak eta efizien-tzia energetikoko instalazioak bertatik bertara ezagutzeko.
Ostiralean, berriz, bigarren eskuko azoka egingo dute Villabonako Berdura plazan, 17.00etatik 19.30era. Mahaiak udalak jarriko ditu eta parte hartzeko asmoa duenak 689 749 439 (Alaitz) telefono zenbakira deitu beharko du.
Asteburura begira aisialdiarekin lotutako ekitaldiak antolatu dituzte. Horrela, Alkizatik hasi eta Zizurkilera mendi irteera izango da, Ernio eta Gazume ezagutuz, larunbatean. Hitzordua 8.45ean izango da Alkizako plazan. Egun horretan saguzarrak ezagutzeko beste esperientzia bat antolatu dute. Batetik, 16.30ean, plazan elkartuko dira parte-hartzaileak eta basora joango dira saguzarren kabiak jartzera eta, ondoren, 20.30ean, plazan animalia hauek emititzen dituzten ultrasoinuak en-tzungo dituzte gailu batzuen bidez.
Igandean hitzordua Tolosan izango da. Uzturre mendiko inguruak berreskuratu ditu Udalak eta bisita gidatua antolatu dute nola geratu den ezagutzeko, 10.30ean, Triangulotik abiatuta. Amaitzeko, ekainaren 12an Jakoba Errekondok Bizi bara-tzea, garaian garaikoa garaiz liburua aurkeztuko du Alkizan.