Oiartzun - Kirol Astea izango da Oiartzunen bihartik larunbatera arte. Udaleko Kirol sailak antolatuta, hausnarketarako tartea izan nahi du. “Kirola, zertarako?” galdera erantzungo dute kirolaren arlo ezberdinetan aritzen ari diren pertsonek, herriko kirol elkarteekin elkarlanean.

“Kirolak dituen onura fisikoak aski barneratuak daude gure gizartean. Datorren asteko mahai inguruen asmoa, hala ere, hortik haratago kirolariek bizitzen dituzten esperientziak ezagutzea izango da: kirolari profesionala, edo erdi profesionala, izateak dituen alde positibo eta negatiboak izango dituzte hizketagai”, adierazi dute antolatzaileek.

Kirol ezberdinetan aritzen diren kirolariak izango dira hizlari, euren errealitatea oso ezberdina delako kirolaren eta generoaren arabera.

Honela, bihar futbolaz arituko dira Nerea Abancens, Jon Ansotegi, Eñaut Fernandez eta Maitane Toledo udaletxeko areto nagusian 19.00etatik aurrera. Moderatzailea Joxe Migel Lopez izango da.

Asteartean azkenaldian goraka doan kirol modalitate batez hitz egingo da: mendi lasterketak. Honela, Elorsoro kiroldegiko bilera gelan 19.00etan Leire Agirrezabala, Uxue Fraile, Iker Karrera eta Jokin Lizeagak kirol honetan aritzeak zer suposatzen duen azalduko dute. Gorka Hercek gidatuko du.

Asteazkenean txirrindularitza izango da gaia Elorsoroko bilera gelan 19.00etan, Dorleta Eskamendi, Migel Mari Lasa, Lierni Lekuona eta Patxi Vilarekin. Moderatzailea Mikel Astarloza izango da.

Ostegunean bi hitzordu finkatu dira. Lehena Abel Barriola, Patri Espinar, Ander Imaz eta Maider Mendizabal pilotariekin Elorsoroko bilera gelan 19.00etan; eta bigarrenean, leku berean baina ordubete beranduago, elikaduraz arituko dira Anna Saulo eta Aritz Urdanpilleta.

Ostiralean emakumea eta kirolaren arteko harremana aztertuko da Maite Maiora, Ainhoa Tolosa eta Matxalen Ziarsolorekin Elorsoro kiroldegiko bilera gelan, 19.30ean.

Azkenik, larunbatean euskal kirolak (makil borroka; erraketistak eta pasaka) ezagutzeko aukera izango da udaletxean, 17.30ean.