orio - Azken urteotan, behin baino gehiagotan izan dira luiziak Orioko Anibarko Portuko auzoko autobus-geltokiaren inguruan, N-634 errepidean, eta, arazo hori konpontzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak lanak egingo ditu, geltoki atzeko mendia egonkortzeko helburuarekin, aurrerantzean luizirik gehiago gerta ez dadin.
Lan horiek aste honetan bertan hasiko direla iragarri du Orioko Udalak eta datorren urteko urtarrilaren bukaeran amaitzea aurreikusten du Aldundiak. Obrak burutu bitartean errail bat itxiko dute eta semaforoa jarriko dute bertan ibiltzen direnen segurtasuna bermatzeko eta ibilgailuen pasaera erregulatzeko. Bestalde, geltokia tokiz mugituko dela ere jakinarazi dute eta hala, Orio aldera egongo da jarrita obrak irauten duen bitartean. Lurrean margotuta egongo da geltokia non den, eta errepidean bertan geratuko da autobusa. - A.L.