Kamera hartu eta aukeraketa egin ostean, Amezketako elizan dauden argizaiolaren argazkiak egin ditu Joseba Urretabizkaia argazkilari tolosarrak. Tolosaldeko herri hau da argizaiola edo argiolen -horrela esaten diote bertako helduenek- ohitura bizirik mantentzen duen bakanetakoa eta egun Amezketako ondare espiritual baliotsuena da. Hala, familia bakoi-tzean hildakoen oroitzapenaren sua itzali gabe edukitzen da igande eta jai egunetan pizten den argizariaren bitartez. Argizaridun oholtxo hauen erakusketa zabalik izango da uztailaren 18a bitarte, aste honetan goizez eta hurrengoan arratsaldez.

Joseba Urretabizkaiak bere kameraren objektiboa eta Joxe Mari Oterminek argiolen inguruko jakituria jarri dituzte Fernando Amezketarraren jaiotzaren 250. urteurrenaren harira antolatu den proiektu berri honetan. Joseba Urretabizkaiak esan duenez, “argizaiolaren ederra” erakutsi nahi izan du argazkien bitartez. Behin eta berriz azpimarratu du, argizaiola bakoitzak duen “izpiritua” azalera ekartzen saiatu dela argazki guztietan. “Ez dut beste elementurik sartu nahi izan. Bere biluztasunean baita deigarria argiola sorta hau. Ez dut argi berezirik sartu nahi izan, elizako ohol zaharren gainean zeudela daude erretrataturik, horrelakoxeak baitira, batere eranskinik gabe”, aditzera eman du. Guztiak sakonki aztertu ostean, bakoitzari tratamendu berezia ematea izan da bere helburua. Eta nahiz eta guztiak antzekoak direla iruditu, “argizaiola bakoitzak mundutxo berezi bat osatzen du, bai formaz zein kolorez, nola materialez ala egituraz”, aitortu du argazkilariak.

Joxe Mari Oterminek astelehenean egin zen erakusketaren inaugurazioan aipatu zuen moduan, 117 argizaiolen artean aukeraketa bat egin dute eta 43ren argazkiak jarri dituzte ikusmiran. “Ez daude guztiak, eta aukeraketa egiterakoan berezienak aukeratu dira, batzuk oso zaharrak direlako eta beste batzuk, aldiz, gazteagoak direlako. Denak salgai daude 65 eurotan. Hala ere, familiaren batek bere argiolaren argazkia nahiko balu, Joseba prest dago argazkia ateratzeko”, azaldu du Oterminek.

Hildakoen oroitzapena

XX. mendearen bigarren erdira arte Euskal Herriko herri askotan elizetan ikus zitezkeen argizaiolak. Gaur egun elementu hori bizirik dagoen herri bakanetakoa da Amezketa. Hildakoen oroitzapenaren ispilu da argizaiola, beste mundurako bidea argitzen duena. Hala ere, Joxe Mari Oterminek dioenez, Amezketan beste zentzu bat ere badu argiolak. “Amezketan etxe bat erosten zenean hiru kontzeptu erosten ziren; etxea bera, herriko gaietan parte hartzeko eskubidea, hau da herritartasuna, eta sepulturaren eskubidea. Hiruak oso lotuta daude”, azaldu du.

Amezketako herrian, oraintsu arte, familia bakoitzak bere jarleku jakina zuen eliza nagusian eta, horrekin batera, sepultura gainean bere argiola uzteko espazioa ere bai. Sepulturak 150 dira, beraz, XX. mendearen lehenengo erdian 150 argiola izango ziren guztira.

Emakume eta gizonezkoen artean ere badago ezberdintasunik. Izan ere gizonezkoak koruan edota aldare inguruan jartzen dira eta emakumezkoa, aldiz, garai batean sepulturaren zeuden esparruan. “Esan beharra dago emakumearen zeregina izan dela orain arte argizaiolaren ardura. Bere etxeari zegokion argizaiola eliz-funtzioetan pizten zuen etxekoandreak edo alaba zaharrenak eta argizaria bukatzen zenean, berriaz hornitzen zuen”, aipatu du Oterminek.

Itxurari dagokionez, argizaiolek ez zuten familia bakoitzaren maila erakusten, baina Santu Guztien eguneko prozesioan ateratzen ziren ordena horren arabera zehazten zen. “Jasota dago Fernando Amezketarraren garaian bi emakume erabat haserretu zirela bietako baten etxeari zegokion lekua baino aurrerago kokatu zelako prozesioan”, gogoratu du Joxe Mari Oterminek.

Orain arte Antxon Aguirre Sorondo izan da Amezketako argizaiolei buruzko ikerketa aberatsena egin duena. Bere ustez, XVI. mendekoak lirateke; gehientsuenak, ordea, XX. mendekoak, eta 70 bat gutxienez joan den mendean landutakoak. Bakan batzuk badaude XXI. mende honetan egindakoak ere. Argiolagileen artean Silberio Artola, Eladio Balerdi, José Alonso Rivero, Jesús Vallejo, Lourdes Ormazabal eta Dionisio Otermin aipatu behar dira.

“Nekez esan daiteke argizaiolen osasuna egoera kezkagarrian dagoenik. Bere kopuruaren joera beheranzkoa da, hori begi bistakoa da, edadeko jendea eta neurri handi batean argiolaren zuziari pizturik eusten diona. Eliztar horiek urritzen doazen heinean, argiolaren osasuna ere makaltzen joango dela uste dugu”, dio Oterminek eta horrekin batera Amezketako “marka” diren argiolen inguruan elkarte bat sortzeko proposamena luzatu die herritarrei “ondare bitxi hau zaintzeko”.