Síguenos en redes sociales:

Euskararentzako 667.951 euro izango ditu aurten Hondarribiak

Sagarzazuk "udal euskaltegia egonkortu eta ordenantza eraberritzea" jarri ditu helburutzat

Euskararentzako 667.951 euro izango ditu aurten Hondarribiak

hondarribia - Hondarribiko Udalak Euskara arlorako eta udal euskaltegirako 667.951 euro bideratu ditu 2014.eko aurrekontuetan, "iaz baino 6.000 euro gehiagoko igoera txikiarekin, baina azken finean, bi atal hauek, azken urteetan bezala, krisialdiak sortutako estutasunetatik kanpo utziaz eta antzeko kopuruak mantenduaz".

Hala adierazi zuen atzo Txomin Sagarzazu Euskara zinegotziak, bere arloko diru kontuak aurkezteko eman zuen prentsaurrekoan. Helburu politiko modura, "Biziberritze Planeko eta Udaleko Erabilera Planeko ekintzak garatzearekin batera, egiteke dagoen euskara ordenantzaren eraberritzea gauzatzea" finkatu ditu zinegotziak.

Euskara arloak 266.010 euroko aurrekontua izango du aurten. Horietatik, 105.612 euro pertsonal gastuetara bideratuko dira, gastu arruntak 126.936 euro suposatuko ditu.

Diru-laguntzetara 33.232 euro bideratuko ditu Hondarribiko Euskara arloak; besteak beste, ikastetxeetako Bertsolaritza eta Ahozkotasuna eta Urtxintxa programetarako 12.000 euro, udako euskara ikastaroetarako 9.800 euro, euskararen aldeko zenbait ekintzetarako 3.100 euro, barnetegietara eta euskaraz egiten diren uda ikastaroetara joaten direnei laguntzeko 3.132 euro, establezimenduen errotulazioa euskaratzeko 1.800 euro eta Herri Urrats eta Nafarroa Oinez laguntzeko, beste 1.400 euro.

jarduerak eta euskaltegia Euskara eta honen erabilera sustatu eta gizarteratzeko jarduerei dagokionez, aurrekontua 68.100 eurokoa izango da. "Horien artean Neguko Jardunaldiak (16.000 eurorekin), Bordari eta Satarka lehiaketak (12.500), hasi berria den eta aurten sendotu nahi den Mintzalaguna programa (16.100 euro izango dituena), txiste grafikoen lehiaketa (3.500), Kalean Kantuz (3.400) edo liburu eta disko azokak (7.500 eurorekin)" egongo direla adierazi du Txomin Sagarzazuk.

Bestalde, 245 ikasle dituen udal euskaltegiaren aurrekontua 402.000 eurokoa izango da aurten, eta honetatik kopuru haundiena pertsonalaren soldatek suposatuko dute, 353.042 eurorekin; gastu arruntak 35.799 euro eta beketarako eta inbertsiotarako, 10.500 eta 2.600 euro izango dituzte udal euskaltegian, hurrenez hurren.

Sagarzazuk " tokiko administrazioen legedi berriak jartzen dituen baldintza eta zalantzen aurrean udal euskaltegiaren izatea egonkortzea" finkatu du helburu, eta zentzu berean, "HABEren diru-laguntza 2012ko 85.000 eurotik aurtengo 205.000 eurora igotzea oso lagungarria" izango dela azpimarratu du.