aRTIKUTZAK munduko leku euritsuenetako bat dela erakutsi zuen atzo berriro ere. Donostiari ura ematen dion tokian eguna euri-jasa handiekin hasi zen arren, jendeak ez zuen San Agustin eguna ospatzera bertara joateko inolako arazorik.

Bai gipuzkoarrak, bai nafarrak, bildu ziren festa honetan. Nahiz eta Artikutza Nafarroako Goizueta herriaren barruan kokatuta egon, Donostiako Udalak erosi zuen 1919. urtean. Gipuzkoako hiriburua izan da festa hau antola-tzeaz arduratu dena, baina Errenteria, Oiartzun eta Goizuetako Udalen laguntzaz baliatu da horretarako.

Urtean zehar baimenik gabe kotxez joan ezin den arren, San Agustin egunean arau hori hautsi daiteke. Atzo autoz beterik zeuden Artikutzaren inguruak eta beharrezkoa izan zen udaltzaingoen laguntza trafikoa antolatzeko garaian.

Goizean zehar jarduera desberdinez gozatzeko aukera izan zen. Goizueta eta Oiartzungo pilota eskolak antolatutako esku pilota partidak, 11.00etako meza eta erromeria izan ziren horietako batzuk. Hala ere, egun guztian zehar jarrita egon ziren postuak ikusi ahal izan zituzten festara gerturatu ziren guztiek. Horretaz gain, taloak saltzen zituzten karpa bat ere bazegoen eta, honen parean, egunean zehar nahiko beteta egon zen taberna bat.

Artikutzara joaten lehenengotarikoa Tolosako talde bat izan zen, urrian ospatuko diren Kilometroetako kamisetak saltzera gerturatu zirenak. Lanera joan zirenez, dena prest edukitzeko goiz hurbildu ziren leku honetara eta goizeko lehen orduetan zegoen giroarekin txundituta gelditu ziren. "Oso goiz etorri gara eta ordu horietan euri asko ari zuen, baina hala ere, segituan bete da hau jendez", kontatu zuten. Artikutza bisitatzen zuten lehen aldia zen eta asko gustatu zi- tzaien bertan aurkitu zuten paisaia eta giroa.

Gotzon Arrazuria eta bere familia ere lehenengo aldiz joan ziren lekua bisitatzera. Luiaondoko familia honek behin baino gehiagotan ikusita zuen festa hau telebistan eta beti izan zuten lekua ezagutzeko gogoa. Aukera paregabea iruditu zitzaien aurtengo San Agustin eguna. "Oso leku polita iruditu zaigu", zioten.

Lekua soberan ezagutzen zuten asko ere bertaratu ziren. "Goizuetarrentzat festako azken eguna bezala da hau", esan zuten Ekaitz, Mikel, Luis eta Fernandoren koadrilakoek. Goizuetar gazte hauek goiz goizetik joan ziren Artikutzara eta egun pasa egiteko intentzioa zuten. "Urtero etortzen saiatzen gara", aitortu zuten, baina batzuetan lana dela eta bertara hurbiltzeko arazoak izaten dituztela kontatu zuten.

Bazkalordua iritsi zenean, Artikutzan aurkitzen zen gende askok txoko bat bilatu zuen tripa lasai betetzeko. Asko taberna ondoko belazean eseri ziren, eta pixka bat deskantsatzeko aprobetxatu zuten. Onditz eta bere koadrila, Oiartzunekoak, bertan eseritzea erabaki zuten bazkaldu bitartean. Sagardo botilaz inguraturik, urteroko zita honetara faltatu ezin zutela aitortu zuten. Eguraldi txarra ez zen arazo bat izan beraientzat. "Batzuk oinez etorri gara Oiartzundik", kontatu zuten harro-harro.

Beste batzuk, ordea, mahaia eta aulkiak eman eta jendea zegoen lekutik pixkat bat aldenduta bazkaltzea erabaki zuten, kotxe tartean, lasaitasun pixka baten bila edo.

Bazkaldu eta gero, beste ekintza batzuetaz gozatzeko aukera egon zen. Goizean ez bezala, oraingo honetan eguraldia lagun izan zuten bertan aurkitzen zirenek. Herri kirolak izan ziren nagusi, eta jaiari amaiera emateko, Joxe Mendizabalen eskutik dantzaldia eskeini zen.

Eguna euri zaparrada handi ba-tzuekin hasi arren, Artikutzara hurbildu zen jendeak alaitasunez eta umorez blai bukatzeko nahikoa izan zituen aurtengo San Agustinetan.