Síguenos en redes sociales:

Erromerizaleen plaza kuttuna

aristerrazuko saioak antolatzen dituen elkarteak omenaldia egingo die bihar igandero bertaratzen direnei

Erromerizaleen plaza kuttunaargazkia: andatza erromeri elkartea

ERROMERIAK maite dituztenengatik ez balitz, trikitilari ugari plazetan jo gabe geratuko lirateke eta horrekin konturatuta, Gipuzkoako plaza kuttunenetakoa den Aristerrazuko bizilagunek omenaldia egin nahi diete igandero bertaratzen diren guztiei. Jaia bihar izango da, egun osoko egitarauarekin. Eta nola ez, beste behin, dantza egiteko aukera eskainiko dute talde ugarirekin.

Juan Mari Azkue (Aia, 1955) Aristerrazuko dantzaldiak antolatzen dituen Andatza Erromeri Elkarteko kidea da. Auzokoa ere bada eta ohitura aspaldikoa, gutxienez duela 60 urtekoa dela gogoratu du. "Orain dela 30 bat urte hasi ginen igandero eskaintzen emanaldiak. Lehen, tarteka egiten ziren", adierazi du. Andatzako gazteria arduratzen zen soinujolea bilatu eta hura ordaintzeko txapela pasatzeaz.

Juan Marik Aristerrazu baserri -jatetxea du bertan eta gazte jendeak erromeriak antolatzeari utzi behar ziola eta, ohiturari heltzea erabaki zuten berak eta beste hiru lagunek. Ondoren, duela 20 bat urte Anda- tza Erromeri Elkartea sortu zuten. "Funtzionatu egiten du. Jende ugari etortzen da. Eta orain gehiago. Lehen trikitilari gazteek 20.30etik 21.30era jotzen zuten eta ondoren, helduek zuten txanda, 00.30ak arte. Baina jendea bigarrengoaren zain egoten zela konturatu ginen eta helduena bakarrik hasi ginen eskain-tzen. Berandutu egiten zela eta, azkenean, duela sei bat urte, 18.30etatik 21.30etara jarri genuen ordutegi berria. Ordutik oso ongi funtzionatzen du. Bezero finko batzuk ere baditugu, afaltzera geratzen direnak", jakinarazi du.

zaletuei omenaldia, bihar

Plaka eta argazkien olana

Gipuzkoako trikitilari ia guztiak igaro dira Aristerrazutik. Tapia eta Leturiak ere, 1987an, trikitilarien omenezko eskulturaren inaugurazioan jo zuen. Eta Gozategi, Etzakit edo Maixa eta Itziar taldeetako kideek ere, gaztetxoak zirenean, izan zuten plaza honetan jotzeko aukera. "Xabier Solano (Esne Beltza) mutil koxkorra zela askotan jo zuen", gogoratu du ilusioz.

Duela lau urte hasi zen Aiako Udala elkarteari dirulaguntza ematen. Oso garrantzitsua da hitzarmena, bestela, Aristerrazu jatetxeak ordaindu behar izaten baititu trikitilariak. Hala eta guztiz ere, beste emanaldietan baino gutxiagoren truke jotzen dute plaza honetan. "Afalondo batean trikitilari batzuek esan zidaten trikitilariei omenaldia egin izan zaiela askotan plazan, baina benetan merezi dutenak erromerizaleak direla. Igandero etortzen direnak", azaldu du elkarteko kideak. Honela, biharko ekitaldia antolatzea otu zitzaien eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Gainera, jaiero bertaratzen diren guztien omenez, Xabier Laka eskultoreak eginiko plaka bat eta argazkiz osatutako olana jarriko dituzte plazan.

Gaur egun, gutxi gorabehera, 60 bat bikote elkartzen dira Aristerrazun eta Bizkaia aldetik ere bertaratzen dira batzuk. "Zaletua behar du izan honaino etortzeko!", nabarmendu du Juan Marik. Gazte jende gutxiago gerturatzen da, baina etortzen dena, gogoz aritzen da dantzan.

Jaialdi berezi hau ospatuko dutela eta, zer hobeto erromerizaleei beraientzat Aristerrazu zer den galdetzea baino. NOTICIAS DE GIPUZKOAK igandero bertaratzen diren lau lagunen iritziak jaso ditu. Arrazoi bategatik edo besteagatik, guztientzat da berezia Aiako erromeri kuttuna.

dantzatzera eta gozatzera

Igandetako familia

Martxel Ansa (64 urte) Oiartzunen bizi da bere familiarekin eta aspalditik bertaratzen da Aiara, igandero: "Betidanik gustatu zait trikiti mundua eta 1987an, trikitilarien omenez egin zuten eskultura jarri zutenetik ez dut hutsik egin. Bi alaba ditut eta guztiok joaten gara. Arreba eta koinatua ere bai". "Arratsalde pasa polita egiteko aukera eskaintzen du Aristerrazuk. Jarraipen batekin egiten den dantzaldia da, horregatik da berezia", adierazi du.

Kontxi Lertxundik 58 urte ditu eta aiarra da. Andatza auzokoa. Bertakoa izanik, txikitatik ezagutu du: "Gaztetxoa nintzela, igandero egoten nintzen han familiarekin eta gerora, ezkondu eta Azpeitira bizitzera etorri nintzenean ere ohiturarekin jarraitu nuen. Baita ume txikiak nituenean ere", azaldu du. Dantza egitea oso gustuko du eta horretarako plaza "bikaina" da. "Emanaldia eta gero, bertan afaltzen dugu eta dagoeneko koadrila osatu dugu. Asteburuko familia osatzen dugula esaten diogu brometan elkarri", jakinarazi du. Familia berezia, inguruan beste zein emanaldi dauden begiratu eta guztietara joaten saiatzen da gainera.

Josu Arrizabalaga trikitilaria, 32 urteko azkoitiarra da eta aita ere soinujolea izanik, betidanik izan dute Aristerrazura joateko ohitura. Bertan jotzeko aukera ere izan zuen, 20 urterekin: "Nola joko dut ba nik hor? Galdetzen nion nire buruari. Ilusio handia egin zidan". Dantzarako horren trebea ez dela ere aitortu du: "Dantzan ez naiz oso abila eta giroa gustuko dudalako joaten naiz, entzutera, ikustera... Pentsa, batek behin esan zidan kotxean joan, Aristerrazu ondoan aparkatu eta autotik bertatik entzuten aritzen dela erromeria". "Soinuarekin ibiltzen garenak ezagunak gara eta dantza egitera animatzen garenean, mikrofonotik adarra jotzen digute!", azaldu du barrezka azkoitiarrak.

Biharko erromerizaleen omenezko jaia "merezitakoa" dela aipatu du: "Bada hamar laguneko talde bat erromeria guztietara joaten dena eta horiek babes handia eskaintzen digute trikitilarioi. Jende honek mantentzen ditu bizirik plazak, baita Aristerrazu ere".

Pili Osa 62 urteko itziartarra da, baina Zarautzen bizi da. Ez du sekula galdu Aristerrazura joateko ohitura. "Gutxitan galduko nuen erromeria. Orain dela 17 bat urte hasi ginen joaten senarra eta biok eta ahizpa ere gurekin etor-tzen da", azaldu du erromerizaleak. "Dantzaldi ederrak izaten dira. Hori gabe zerbait faltako balitzait bezala sentituko nintzateke", gaineratu du.