Donostia. "Musikari ona ez zela esan izan dute, baina herritarren bihotzera heltzen zen, jenialtasuna bazuen". Hala deskribatu zuen Jose Ignazio Ansorena udal txistulari bandako buruak Raimundo Sarriegi zena. Gaur 100 urte beteko dira konpositore ezaguna hil zenetik eta Donostiako Udalak omenaldi bat prestatu dio.

Nola ez, musikari ezagunaren doinuak izango dira gaurko ekitaldiaren soinu banda. Hitzordua 12.00etan jarri dute, Konstituzio plazan. Hortik, hark idatzitako Alkate Soinuarekin, Sarriegi plazarantz abiatuko dira txistulariak, udal ordezkariak eta herritarrak. Iritsi baino lehen geldiune bat egingo dute, dena den, Narrika kalean, musikaria hil zen lekuan.

Plazan Beñat Gaztelumendi bertsolari añorgatarrak gogoratuko du konpositorearen ekarpena eta, horretarako, donostiarrek ondo ezagutzen dituzten Juana Bixenta Olaberen doinuak erabiliko ditu. Juan Karlos Izagirre alkateak bandera dantza egingo du ondoren, herritarren batasunaren seinale, Iriyarena doinuan.

Alkatearen hitzen ondoren, Ohorezko Kontrapasa dantzatuko dute omenaldira gerturatzen diren herritarrek eta lore eskaintza ere egingo diote Sarriegiri, Gipuzkoako himnoaren doinuarekin: hori izango da, hain zuzen, konpositoreak idatzi gabeko abesti bakarra eta Donostian ez ezik Gipuzkoa osoan ere musikariak izan zuen eragina islatu nahi dutela azaldu zuen Ansorenak.

Azkenik, ekitaldiari amaiera emateko, San Sebastian Martxa joko dute, Sarriegiren lanik ezagunena eta sinbolikoena. "Martxak donostiar guztiak batzen gaitu, desberdintasunen gainetik", nabarmendu zuen Izagirre alkateak. Hiriaren ereserkia garai gogorretan idatzi zuela Sarriegik gogoratu zuen, 1861ean eta 23 urte bete gabe, donostiarrek 1813ko sutea oraindik gogoan zutenean, hain zuzen: "Baina aurrera begiratu zuten". Ildo horretan, denon artean hiria eraikitzen jarraitu behar dugula gaineratu zuen alkateak eta gaurko ekitaldian parte hartzeko deia zabaldu zien herritarrei.

santestebanen ikasle Beñat Gaztelumendik bertsolarien eta musikarien arteko erlazio estua ekarri zuen gogora atzo ekitaldien aurkezpenean: "Gure hitzei musika jartzen diete eta Sarriegik hori egin zuen garai hartako bertsolarien hitzekin". Horregatik, hain zuzen, aukeratu du Juana Bixenta Olaberen doinua gaur konpositoreari eskainiko dizkion bertsoetarako.

"Egun badirudi ekonomia dela inportanteena eta ahaztu egiten zaigu artisten balioa, haiek ematen digute hatsa", gaineratu zuen Jose Ignazio Ansorenak eta, ildo horretan, Sarriegiren lanak donostiarrontzat duen balioa azpimarratu zuen. "Santestebanen ikaslea izan zen eta maisua musikari hobea zela esan izan dute, baina hark ez zuen beti lortu herritarren bihotzera heltzea eta Sarriegik, bai", gaineratu zuen txistulariak.