ELA sindikatuak %60ko ordezkaritza du Gipuzkoako adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan, eta beste hiru greba egun deitu ditu sektorean, irailaren 14an, 15ean eta 26an.

Patronalen blokeoa

Sindikatuak ohar batean gogorarazi duenez, joan den urtarrilean hasi ziren sektoreko hitzarmena lortzeko negoziazioa, eta, "patronalen blokeoaren aurrean"ELAk hiru greba egun berri horiek deitzea erabaki du.

Ekainean lanuzteak eta mobilizazioak hasi zirenetik, sei greba egun egin dira jada.

ELAk azaldu duenez, lau negoziazio mahairen ostean, Adegi, Matia eta Lares patronalek "ez dute prekarietateari aurre egiteko neurririk planteatu", "5.000 langileen lan-baldintzak benetan gogorrak" diren sektore feminizatu honetan.

Azpikontratatutako plantillaren %93

"Langileak falta dira, lan-karga handiak daude eta, gainera, plantillaren %40k borondatezkoak ez diren lan-kontratu partzialak ditu", zehaztu du ELAk.

"Azpimarratzekoa da –gaineratu du– langileen %93 baino gehiago azpikontratatuta daudela, eta, beraz, finantzaketa publikoaren bidez enpresek irabaziak metatzen jarraitzen dutela".

Bere komunikatuan, "Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzukizuna" azpimarratu du ELAk, izan ere, adierazi duenez, lanaldi osoko kontratuak funtsezkoak dira langile "ahulenentzat" eta adinekoei zerbitzua bermatzeko.