AUTOBUSAK lepo, goiz goizetik. Urte osoan bidaiari gehien dituen egunetako bat izaten da Santo Tomas Dbusentzat. Bulebarrera iritsi eta tropelean denak, festa gunerantz.

Edo, hobeto esanda, festa guneetarantz. Izan ere, azken urteotan jada Santo Tomaseko azoka nagusiak Konstituzio plazako eta Alde Zaharreko mugak gainditu ditu eta Erdialde osoa konkistatu du. Eguerdi alderako aipatutako plazaz gain, Bretxa ingurua, Bulebarra bera, Okendo plaza eta Gipuzkoako plaza milaka baserritar jantziekin eta txistorra eta sagardo usainarekin itxuraldatuta ageri ziren erabat.

Baina, aldaketak aldeketa, Santo Tomas eguneko protagonista, beti bezala, Konstituzio plazako txoko batean zegoen, karpa batekin tapatuta, badaezpada. "Tomaxi! Tomaxita! Begiratu hona!", zioen gazte batek, mobila eskuan txerriari argazkia ateratzeko. "Zein handia den!", bota zuen gaztetxo batek aitaren sorbaldetan igota txerrari begira. Eta Tomaxi lasai-lasai, hara eta hona zebilen, milaka begi parez pare izango ez balitu bezala.

Iaz euriak festa plazatik arkupetara eraman zuen baina atzo, eguerdian bota zuen zaparradaren bat izan ezik, etena eman zien azokara gerturatutako milaka donostiar, gipuzkoar eta bisitariei. Eta plazak eta kaleak bete zituzten goizetik, txistorra bokata edo taloa esku batean eta sagardoa bestean. Euriaren ordez, haizea izan zen atzo festan hutsik egin ez zuena: goizean giro lasai eta eguzkitsua nagusi bazen ere, haize bolada hotzak saiatu ziren gero, arrakastarik gabe, giroa hozten.

Azken urteotako joerari jarraituz, gero eta gehiago dira Santo Tomas egunean baserritar jantzia daramatenak eta, traje urdin ilun edo beltzez gain, koloretako gonek, alkadorek eta tokilek hiri osoa kolorez jantzi zuten: haur kotxeetan zihoazen ume txikietatik gazte, heldu eta nagusietara, bertakoetatik beste herrialdeetatik etorritakoetara.

beste protagonistak

Taloak, kongelatuta

Trajeak bezain garrantzitsua bihurtu da Gabonen aurreko azoka honetan txistorra taloan jatea askorentzat. Eta gero eta postu gehiago badaude ere (atzo hamabost zeuden guztira, Lazkaokoak, Leitzakoak, Ataungoak, Segurakoak eta Zubietakoak, besteak beste), kola luzeenak haien postuetan zeuden, bai Alde Zaharrean eta baita Gipuzkoako plazaren inguruan ere.

Hori bai, azken urteotako prezioak mantendu dituzte talogileek, eta lau edo bost eurotan zeuden salgai postu gehienetan. Bokatak merkeagoak ziren (hiru euro inguru), baita pintxoak ere (1,5 euro edo).

Bestalde, ohikoa ez izan arren, jende asko bildu zuen beste gune bat Trinitate plaza izan zen atzo: herri kirolak antolatu zituzten eguerdi aldera eta aizkolariak eta Iparraldeko jokuak izan ziren ikusgai. Landa giroan murgildu ez ezik bertako produktuak ere dastatu nahi zituztenentzat ez zuten hutsik egin Konstituzio plazan bildutako baserritarrek, barazkiak eta fruta saltzeko. Gainera, bestelako produktuak saltzen dituzten postuak ere biderkatzen ari dira Santo Tomas egunean. Gozogileak bazeuden, gazta postuak, txerrikiak saltzen zituztenak eta baita ogia eskaintzen zutenak ere, besteak beste.

Azkenean, ohi bezala, festa giroa nagusitu zen goizetik gauera Donostiako Alde Zaharrean eta Erdialdean, baina baita gainerako auzoetan ere. Milaka eta milaka lagun izan ziren azoka handiena berriz ere arrakastatsu bihurtu zutenak eta jaia goizeko ordu txikiak arte luzatu zutenak. Hori bai, Tomaxi izan zuten gidari eta taloa, txistorra, sagardoa, musika eta festagiroa, bidelagun.