Mutriku. Mutrikuarrek herriko Txantxangorri, Lapazorri, Muga, Gazte Asanblada eta Gure Ametsa taldeek Udalarekin elkarlanean antolatzen duten Gaba Beltza jaiaren edizio berri batekin disfrutatzeko aukera izango dute bihartik datorren larunbatera bitartean.
Egitarauari hasiera emateko haurrentzako ekintza berezia izango da bihar, 17.00etatik aurrera, haur liburutegian eta Txantxangorri aisialdi taldearen eskutik.
Ostegunean, berriz, gaztaina erreak banatuko dituzte Beheko plazan (17.00etan) eta horren ondoren (19.00etan) Muga eta Gure Ametsa taldeetako lagunek Talaixako mamuarekin Axuri Beltza kalejira abiatuko dute. Mutrikun ohitura dutenez, kalejira amaitzerakoan Talaixako mamua erreko dute Beheko plazan.
Edonola ere, Gaba Beltzaren okasioz antolatutako programa ez da hortan geratuko. Horrela, ostiralean Haur Hezkuntzako umeei zuzendutako Faro misteriotsua (17.00etan) eta Lehen Hezkuntzako haurrentzako Mutrikuko umezurztegia (19.00etan) ekimenan izango dira Zabielen.
Azkenik, bertso afaria izango da ostiral gauean gaztetxean. Bertara joateko tiketak Zubixa, Subeltz eta Zubiaram tabernetan eta gaztetxean bertan eros daitezke, zortzi eurotan (sei euro langabetuentzat).
Aurtengo Gaba Beltza festari amaiera ona emateko Oihulari Klown taleak kale antzerkiko Mamu txikiak lana antzeztuko du larunbatean (19.00etatik aurrera, Goiko plazatik) eta horren ondoren (23.00etan) rock kontzertuak egongo dira gaztetxean